Silent Hill 2, Mario Party, CoD Black Ops 6 edo Dragon Ball: Sparking! Zero estreinatuko dira egunotan, eta horiei buruz hitz egin du Eider Zabalegik Oiartzun Irratian.
Bideojokoen urria benetan indartsu datorrenez, Il4rgi bideojokozaleak hilabeteko estreinaldirik handienak ekarri ditu bere txokora. Denetarik jasoko dugu egunotan: beldurrezko bideojokoekin hasiko gara, baina lagunekin ondo pasatzeko festa jokoak zein FPS ezagunen itzulera ikusiko dugu.
Oiartzun Irratiko Arguyuan saioa, modu horretara, bideojokozale guztiak pozteko gunean bilakatu da berriro Eider Zabalegiri esker.
Urria beldurrezko bideojokorik arrakastatsuenetakoaren itzulerarekin hasi dugu. Silent Hill 2 bikainaren berregitea gure artean da jada: PlayStation 5 eta PC plataformetan estreinatu du Konami talde japoniarrak Bloober Team estudioaren jokoa. Behelaino misteriotsuak inguratutako herria, esplorazioa, Pyramid Head munstroa eta gehiago bisitatuko ditugu berriz. Lehen kritiken arabera, ikaragarrizko jokoa da, adi beraz.
RPG japoniarren zaleek poz handiz hartuko duten Metaphor: ReFantazio-rekin jarraitu du Il4rgik. Persona zein Shin Megami Tensei sagen sortzaile den Atlus taldeak eratutako fantasiazko abentura honetan magiak gidatutako mundu berria ezagutuko dugu. Txandakako zein denbora errealeko borrokak, pertsonaia nahiz narratiba sakonak eta 100 ordu iraun ditzakeen abentura dator urriaren 11n PS5, Xbox Series eta PC plataformetara, agian urteko jokorik onena izan daitekeen lanean.
Borrokak proposatu dira Oiartzun Irratian, baina ez edonolakoak: Son Goku eta lagunak azken urteotako Dragoi Bolaren bideojokorik desiratuenetakoarekin etorriko dira, berriz, urriaren 11n. PS5eko, Xbox Serieseko eta PCko jokalariek Dragon Ball: Sparking! Zero jasoko dute egun horretan; hau da, Budokai Tenkaichi saga maitatuaren laugarren atala izango zena. Anime borroka ikusgarriak biziko ditugu, nola ez, 180 borrokalarirekin —transformazioak barne, 20 Son Goku egongo dira!—.
Horrenbeste akzioren artean pixkat lasaitzeko jokoak ere egongo dira… edo ez. Super Mario Party Jamboree-k sekulako poztasuna eragin dezake bere minijokoetan txapeldun bazara, baina lagun arteko haserreak pizteko aproposa ere bada. 110 minijoko, zazpi taula eta modalitate bereziak proposatuko dizkigute Mariok eta lagunek; urriaren 17an iritsiko dira Switch kontsolara.
Urriari bukaera emateko egunotako klasiko bat ikusiko dugu: Call of Duty. Black Ops 6n barneratuko gara urriaren 25etik aurrera; nola ez, tiroak izango dira nagusi, baina azken CoDetatik handiena izango dela agintzen dute Activision-eko arduradunek. Jokalari bakarrarentzako kanpaina erraldoia, askotariko modalitateak biltzen dituen multijokalari dibertigarria zein zonbien joko motaren itzulera ikusiko ditugu.
Iruzkinak