Lifeless Moon eta Nobody Wants to Die esplorazio jokoetatik hasita, Kunitsu-Gami: Path of the Goddess bezalako obra bereziak jasoko ditugu egunotan.

Uztaileko lehen egunak pasa badira ere, hilabeteon estreinatuko diren bideojokoen errepasoa egitea komeni da, hainbat altxor berezi jasoko baititugu. Hau egiteko modurik aproposena Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi bideojokozalearen gomendioak entzutea da.

Ohi bezala, Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan berarentzat bereziki prestatutako Il4rgiren Txokoan egon da Eider.

Lifeless Moon misteriotsuarekin hasi da Ilargi: uztailaren 9an PlayStation, Xbox eta Switch jasoko dugu, baina PCan duela urtebetetik joka daiteke. Zientzia fikzioaren klasikoak inspirazio iturritzat hartzen dituen esplorazio abentura da. Ilargira bidaiatzen duten astronautaren bidea jarraitzen du: galdutako lagunaren bila joko dugu, bidean gizakiak sortutako hiri hutsak aurkituz.

Nobody Wants to Die egungo belaunaldiko kontsoletan zein ordenagailuetan merkaturatuko da uztailaren 17an. Etorkizuneko detektibe baten rola jokatuko dugu hemen: espazioko noir estiloarekin hiltzaile misteriotsuaren hilketak jarraituko ditugu, tentsioz betetako ikerketan parte hartuz. Atal grafiko ikusgarria nabarmendu beharra dago, baina puzzleak argitzeko bide interesgarriak ere proposatuko dituela dirudi.

Bo: Path of the Teal Lotus metroidvania itxurosoa ere uztailaren 17an kaleratuko da, kasu honetan plataforma nagusi guztietan. Hollow Knight eta Okami elkartzen dituela esan daiteke: Ekialdeko Asiako herrialdeetako mitologia desberdinetan murgilduko gara azeritxo baten bidez, mundu zabala esploratuz eta magiaz betetako dueluetan parte hartuz.

Egun bat beranduago, uztailaren 18an, dator Flintlock: The Siege of Dawn ikusgarria. Ekaineko aurkezpenetan ikusi izan dugu God of War berrien estiloko borrokak proposatzera datorren akziozko abentura, guztion begiradak erakarrita: aizkorakadak, magiak eta exekuzioak bilduko ditu. PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan jokatuko dugu, baita PCan ere.

Kunitsu-Gami: Path of the Goddess bereziarekin bukatuko dugu hilabetea: uztailaren 19an estreinatuko da Capcom japoniarraren akzio eta estrategia titulu hau. Tower Defense erako jokoen kutsua hartzen du, aldi berean Pikmin edo Brutal Legend ezagunen elementuak bereganatuz. Deabruen ustelkeria sendatzeko gai den emakume apaiza babestu beharko dugu, salbatzen goazen herritarrei abilezia desberdinak eskaintzen dizkieten maskarak emanez. PlayStation, Xbox eta PC gailuetan joka dezakegu; gainera, doako demoa probatzeko aukera daukagu.