Abenduko azken estreinaldiak zerrendatu ditu Eider Zabalegik Oiartzun Irratian: Metroid Prime 4, Skate Story edo Death Howl jasoko ditugu.
2025a bukatzear dagoela, Eider ‘Il4rgi’ Zabalegik urteko azken bideojokoen agenda prestatu du. Il4rgiren txokoan hileko estreinaldirik esanguratsuenak zerrendatu ditu, hainbat ezusteko baititugu.
Beti bezala, Oiartzun Irratiko Arguyuan irratsaioan eman du hauen berri. Urteko azken Il4rgiren txokoa izanik, hilabetero egiten duen kolaborazioa dela gogoratu beharra dago: bideojokoen inguruan hitz egiten ditu bertan Zabalegik, argitalpenik interesgarrienak aipatzeaz gain.
Abenduko lehen bideojokoa Il4rgiri horrenbeste gustatzen zaion beldurraren generoko obra da. Sleep Awake abenduaren 2an iritsi zen PC, PS5 eta Xbox Series gailuetara lehen pertsonako ikuspegia duen abentura proposatzera. Lurreko azken hirian kokatuko gaitu, desagertzen dagoen hirian, hain zuzen: lokartzen diren pertsonak desagertu egiten direnez, izarrik mantentzea izango da gure helburua.
Metroidvania generoan barneratzen gara hileko bigarren estreinaldi handiarekin; zehazki, azpigeneroaren amarekin. Samus Aran espazioko ehiztaria Metroid Prime 4: Beyond desiratuarekin itzuli zen abenduaren 4an. Ohi bezala, esplorazioa, tiroak eta abilezia mordoa agintzen dizkigu planeta ezezagun batean: Prime azpisagakoa izanik, akzio guztia lehen pertsonan biziko dugu, Chozo armadura estralurtarraren bisoretik. Switch 2 eta Switch kontsoletan joka dezakegu, Nintendo-ren jokoa baita.
Indie jokoa dugu abenduko hirugarrena. Sam Eng garatzaileak eta Devolver Digital argitaletxeak Skate Story argitaratu zuten, azkenik, abenduaren 8an. Infernua skate gainean zeharkatu behar duen kristalezko deabruaren rola jokatuta, ilargiraino iristea zein hau irenstea izango dira helburuak. Bidean erronka mordoa, soinu banda ikaragarria eta kokaleku bitxi bezain ederrak aurkituko ditugu. PC, PS5 eta Switch 2 gailuetan estreinatu da.
Death Howl interesgarriarekin jarraitu du Il4rgik. PCan abenduaren 9an estreinatu zen —etorkizunerako kontsoletako bertsioak prestatzen ari da The Outer Zone taldea— estrategia taktikoaren tituluak kartak ditu ardatz. Lauki sarean zehar, estetika benetan itxurosoarekin, dozenaka etsai garaitu beharko ditugu eskuan ditugun kartak erabilita ehiztari protagonistaren semea berreskuratzeko.
RPG abenturekin zein estrategiarekin bukatuko dugu abendua nahiz urtea. Atzo aurretiazko sarbidean kaleratu zen The End of History-k balizko Erdi Arora eramango gaitu. Mundua nahi bezala esploratuko dugu, gure protagonistaren abileziak eta estatistikak hobetuz, baina, mundua salbatzeko, guda handietan parte hartu beharko dugu, armadak gidatuz.
Lander Unzueta
Iruzkinak