Eider Zabalegik The Last of Us, Indiana, Jones zein Clair Obscur: Expedition 33 eraman ditu Oiartzun Irratira. Nintendoren azken kontsola ezagutu dugu.

Oiartzun Irratiko Arguyuan saioak, hilero lez, Eider Zabalegi bideojokozalea hartu du bere egoitzan azken bideojokoei buruz hitz egiteko. Apirileko estreinaldiak izan dituzte hizpide Il4rgiren txokoan, baina, ez hori bakarrik: Nintendo Switch 2 gailuaren aurkezpenari ere heldu diote.

Kontsola ezagutzen genuen, baina daturik garrantzitsuenak falta zitzaizkigun. Argitaratze data, prezioa, ezaugarriak… eta, noski, bideojokoak: Mario Kart World, Donkey Kong Bananza, The Duskbloods, Metroid Prime 4: Beyond, Pokémon Legends: Z-A eta askoz gehiago ikusi ditugu emanaldian.

The Last of Us: Part II da apirilean jaso dugun lehen estreinaldi handia. PlayStation 4 eta PlayStation 5 kontsoletatik igaro ondoren, PCra dator Remastered bertsioarekin zein No Return modalitatearentzako hobekuntzekin. Ellie gaztearen abentura lehenengoz bizitzeko aukera bikaina askorentzat, Naughty Dog-en titulua maisulan hutsa da.

Blue Prince hilabeteko ustekabeko handia izan daitekeela dirudi. Etzi, apirilaren 10ean estreinatuko den jokoak puzzleekin burua haustera eramango gaitu PC, PS5 eta Xbox Series kontsoletan. Holly etxeko gela aldakorretako misterioak argitu beharko ditugu 46. gela sekretura heldu ahal izateko. Lehen analisien arabera, sekulako jokoa eratu dute Dogubomb taldeko kideek.

Xbox-ek beste kontsoletarako bideojokoak kaleratzen jarraituko du apirilean. Lehena Indiana Jones and the Great Circle bikaina dugu: PlayStation 5 gailura iritsiko da apirilaren 17an. Indy arkeologoaren azken abentura iaz estreinatu zen PC zein Xbox Series plataformetan tiroak, isilpea eta esplorazioa biltzen dituen obra bikaina eratuz.

Apirilaren 24an, bestalde, Clair Obscur: Expedition 33 desiratua jasoko dugu PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan. Sandfall estudio frantsesaren lehen jokoak JRPGrik onenen elementuak batu nahi ditu istorio sakona eta ederra eratzeko: fantasiaz betetako mundua zeharkatu beharko dugu txandakako borroketan parte hartuz.

Bukatzeko, Xboxekin eta PlayStationekin jarraitzen dugu; Forza Horizon 5, izan ere, Sony-ren kontsolan argitaratuko du Microsoft-ek apirilaren 29an. Ehundaka auto, Mexiko, erronka dibertigarriak eta Horizon Realms joko mota berria agintzen ditu, joko gurutzatuarekin batera, PlayStationeko erabiltzaileek jasoko duten lehen Forza jokoak.