Hilabeteko estreinaldi nagusiak ekarri ditu Eider Zabalegi bideojokozaleak Oiartzun Irratira.

Azaroak denetariko bideojokoak utziko dizkie zaleei. Zelda zein Kirby saga maitatuen spin-off tituluak, Call of Duty berria, Football Manager… zein Bob belaki alaiaren bideojokoa ikusiko ditugu egunotan.

Agenda errepasatzeko gogotsu eta prest agertu da, beti bezala, Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi. Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan duen txokora hurreratu da hileko estreinaldiak, ezustekoak eta bitxikeriak aipatzeko nahiz partekatzeko.

Football Manager 26 da Il4rgiren lehen proposamena. Futbol talde profesionalak kudeatzeko eta gidatzeko sagaren atal berria iritsi da dagoeneko. Berritasun handiekin, baina akats larriekin baita: Steam plataformako joko guztien artetik baloraziorik eskasenetarikoak dituena izatera iritsi da Sports Interactive eta Sega taldeen lana. PC, PS5, Xbox Series zein Android eta iOS gailuetan estreinatu da.

Aipatutako The Legend of Zelda sagako spin-off titulua da hurrengoa. Hyrule Warriors: Age of Imprisonment azaroaren 6an kaleratu zen Switch 2 kontsolan. Aurreko HWek egin bezala, Zeldaren unibertsoan girotutako musou borroka erraldoiak proposatzen ditu; oraingoan, baina, Tears of the Kingdom jokoaren istorioa hartzen du oinarritzat.

Azaroaren 6rako aurreikusita bazegoen ere, azkenean Unbeatable indie joko desiratua abenduaren 9ra berandutu dela esan beharra dago. Il4rgik irratsaioan aipatutako titulua askorentzat benetan erakargarria izango da, hori bai: anime estetika, erritmoz betetako minijokoak, soinu banda ikaragarria eta istorio sakona uztartuko ditu D-Cell Games estudioaren obrak.

Estreinaldiekin jarraituz, Call of Duty: Black Ops 7 azaroaren 14an kaleratuko da PCan eta PlayStation zein Xbox kontsoletan. Kanpaina osoa edukiko du, baina Treyarch nahiz Raven Software taldeen tiro jokoaren benetako izarra multijokalaria izango da: kanpaina kooperatiboa, multijokalari lehiakorra zein zonbi joko mota elkartuko ditu.

Nor bizi da itsaspeko anana batean? Azaroaren 18an helduko den Bob belaki. SpongeBob SquarePants: Titans of the Tide ordenagailuan eta PS5, Switch 2 nahiz Xbox Series kontsoletan argitaratuko da. 3D plataforma abentura dugu: Bob zein Patrick lagunekin erronka mordoa, buruzagien aurkako dueluak eta plataforma atalak biziko ditugu.

Hilearekin bukatzeko Nintendo-ren urteko azken estreinaldi handienetakoa jasoko dugu. Kirby Air Riders lasterketa jokoa azaroaren 20an merkaturatuko da, esklusiboki, Switch 2 kontsolan. GameCube-ko Air Ride tituluaren jarraipen zuzena, lasterketa dinamikoak, joko mota ugari, tokiko zein online multijokalaria eta eduki mordoa agintzen ditu Masahiro Sakurai zuzendariaren titulu berriak.