Death Stranding 2, The Alters edo Mindseye ere etorriko zaizkigu ekaineko berotasunarekin.

Epeltasuna, egun luzeak, uda usaina… eta, horri guztiari, Nintendo Switch 2 kontsola gehitu behar zaio. Ze ederra. Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi bideojokozalea gozatzeko prest dator, N handiaren gailu berria urduritasun artean baina indar betean heldu baita.

Ez da, ordea, hilabeteko estreinaldi bakarra: agenda eskuan prest, Oiartzun Irratiko Arguyuan saiotik pasa da, beste behin, Il4rgiren txokoan bideojokoen berritasun esanguratsuenak errepasatzeko.

Ekainaren 5ean merkaturatu zuen Nintendok bere Switch 2a. Gailu hibrido berria handiagoa eta indartsuagoa da, bideojokoen katalogo zabal berriari ongietorria emateko prest dagoena. Estreinaldirik handiena, zalantzarik gabe, Mario Kart World ikaragarriarena izan da, baina berarekin batera Cyberpunk 2077, Hogwarts Legacy, Yakuza 0, Deltarune, Street Fighter 6, Split Fiction, Hitman World of Assassination edo Sid Meier’s Civilization VII jaso ditu kontsola hasiberriak.

 

Gaur bertan estreinatzen da Dune: Awakening biziraupen abentura ordenagailuetan. Arrakis planetan bakarrik zein lagunekin bizirautera eramango gaitu, generoaren ohiko mekanikak batuta: baliabideen bilketa, baseen eraikuntza, borrokak, esplorazioa edo artisautza elementuak ikusiko ditugu Funcom taldearen jokoan.

Hilabeteko beste kaleratze handietako bat Leslie Benzies sortzailearena da: Mindseye. GTA sagaren ekoizleak etorkizunean girotutako proposamen ikusgarria plazaratuko du gaur. Jokalari bakarrarentzako abenturan tiroketak eta leherketa mordoa zein misterioz betetako istorioa aurkeztuko zaizkigu. PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan jokatu ahalko dugu.

The Alters desiratua ekainaren 13an jasoko dugu, azkenik, hainbat berandutze jasan ondoren. Biziraupen jokoa dugu baita, baina berezitasun handi batekin: gure protagonistaren bertsio alternatiboak gidatu beharko ditugu, elkarlanean esplorazio, kudeaketa edo eraikitze lanak gauzatzeko. Elkarren arteko harremanak zaindu beharko ditugu, baina, planeta arrotz batetik ihes egitea lortzeko. Beste behin, PS5, Xbox Series zein PC gailuetan estreinatuko da.

Hideo Kojima zuzendariak, bukatzeko, Death Stranding 2: On the Beach argitaratuko du ekainaren 26an PlayStation 5 kontsolarako. Sam Porter Bridges protagonistaren abentura berrian aurrera eta atzera ariko gara berriz banatzaile lanetan, mundua konektatzea erabaki zuzena den hausnartzeari ekiten diogun bitartean. Narratiba korapilatsuak ez digu argi utziko, noski.