Hollow Knight: Silksong, Hell is Us, EA Sports FC 26 edo Silent Hill f helduko zaizkigu, eta Eider Zabalegik argitalpenak laburbiltzeko agenda atera du Oiartzun Irratian.

Ikasturtearen hasierarekin bideojoko zaparrada bizitzen gabiltza euriekin batera. Zorionez, Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi bideojokozaleak egunotako agenda antolatzen hasteko gomendioekin igaro da Arguyuan irratsaiotik.

Oiartzun Irratian hilabeteko titulurik interesgarrienak bildu, eta horiei buruzko xehetasunak eskaini dizkigu, hilero lez.

Dagoeneko estreinatutakoak 2025eko ustekabeko handiak direla esan daiteke. Hollow Knight: Silksong da esanguratsuena: urte honetarako espero genuen, baina Team Cherry-koek ia ezustean kaleratu dute Hornet txikiaren abentura. Esploratzeko mapa erraldoia, borroka zein plataforma latzak eta aurkezpen ederra biltzen ditu arrakasta handia izaten ari den tituluak PCan zein kontsola guztietan.

Jaso dugun bestea PC, PS5 eta Xbox Series plataformetako Hell is Us misteriotsua da. Rogue Factor taldeak akzio eta esplorazio abentura bitxia proposatzen digute: Ekialdeko Europako girotzearekin, munstroen aurka ariko gara naturaz gaindiko abileziekin eta armekin. Aldi berean, ikertzen ibili beharko gara maparik gabeko kokalekuetan.

Irailaren 12an Borderlands 4 merkaturatuko du Gearbox estudioak. Proposamen ezaguna errepikatuko dute: ehundaka arma ero, planeta estralurtar zabala eta umore mordoa ikusiko ditugu lehen pertsonako tiro joko kooperatiboan. Hirugarrenarekin egindako akatsak errepikatzeko gogo handirik gabe, PCan zein PS5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko da.

Dying Light sagaren atal berria irailaren 19an iritsiko da: The Beast azpitituluarekin, hau ere aurreko atalarekin egindako hanka sartzeak konpontzeko gogoz dator. Lehen pertsonako ikuspegiarekin saltoak, kolpeak eta tiroak biziko ditugu, nola ez, zonbien eta bestelako munstroen aurka. Beste behin, PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan ikusiko dugu.

Plataformak errepikatuz, beldurrezko bideojokoen zaleek opari ederra jasoko dute irailaren 25ean, Silent Hill f desiratua estreinatuko baita. 60ko hamarkadako Japonian girotuko da oraingoan, baina Konami-ren frankizia maitatuko oinarri guztiak errespetatzea du helburu.

Hilabetearekin bukatzeko urteroko klasiko baten itzulera dator: Electronic Arts taldeak EA Sports FC 26 argitaratuko du PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch 2 eta Switch plataformetan. Futbola, beti bezala, jarraitzaileentzako berritasunekin eta gaurkotzeekin.