Bideojokoen agenda errepasatzen jarraitzen du Eider Zabalegi zaleak Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan: Doom edo Elden Ring jasoko ditugu egunotan.
Il4rgi Oiartzun Irratiko mikrofono aurrean jarri da berriz bideojokoei buruz hitz egiteko. Maiatza hilabete lasaia dela dio, baina gu ez gaude horren ziur: eskopetakadak, akzioa, eta, gainera, beldurrezko jokoak ekarri dizkigu bere txokotik.
Ohi bezala, agendarekin prest datorkigu Arguyuan irratsaiora hilabeteko bideojokorik handienen estreinaldiak zerrendatzeko.
The Midnight Walk bereziarekin hasi dugu maiatza. Dagoeneko estreinatutako beldurrezko titulua PlayStation 5 eta PC gailuetan joka dezakegu. MoonHood estudioaren lana iluna da, baina estetika eta animazio bitxiekin mundu erakargarria eratu dute. Puzzleak zein akzioa proposatuko dizkigu, lehen pertsonan, eta, gainera, errealitate birtualeko kaskoekin ere joka dezakegu.
Urteko handietako bat dator, ostean. Doom: The Dark Ages ikaragarria etzi argitaratuko du idSoftware beteranoak PS5, Xbox Series eta PC plataformetan —Game Pass-eko harpidedunek ere jasoko dute—. 2016ko Doom bikainean jazotakoak azaltzen dituen obra berria gogorragoa eta geldoagoa izango da, baina, aldi berean, ikusgarritasunera joko du mundu erdi irekiarekin eta borroka erraldoiekin. Suntsitsu eta urratu, bukatu arte.
Proposamen guztiz desberdinarekin iritsiko zaigu, bestalde, Fantasy Life i: The Girl Who Steals Time. Level5 (Professor Layton, Inazuma Eleven, Ni no Kuni) estudio japoniar ezagunak “bizitza geldoko JRPGa” aurkeztuko digu: fantasiazko munduan borrokan ariko gara, bai, baina kozinatzeko, arrantzan egiteko edo bisitatuko dugun irla gure estilora apaintzeko aukerak ere edukiko ditugu, Animal Crossing-etan ikusi modura. Maiatzaren 21ean kaleratuko da PS5, Switch eta PC plataformetan.
Hilabetearekin bukatzeko Elden Ring ospetsuaren spin-off abentura jasoko dugu. Elden Ring Nightreign izenpean, obra originalaren premisa eraldatuko du roguelike mekanikadun abentura kooperatiboa osatzeko. Hiru gau igaro beharko ditugu mundu aldakorra beste bi lagunekin esploratzen, borrokatzen eta mailaz igotzen, hauek pasatzerakoan, etsai nagusi boteretsuari aurre egin ahal izateko. Maiatzaren 30ean PS5 zein Xbox Series kontsoletan eta PCan jokatu ahalko dugu FromSoftware-n obra berrian.
Iruzkinak