Assassin’s Creed Shadows, Xenoblade Chronicles X: Definitive Edition eta Killing Floor 3 aurreratu dizkigute, besteak beste, Oiartzun Irratitik.
Martxoak egun ederrak ekarri dizkigu oraingoz, baina berotzen baino ez da hasi. Il4rgiren txokotik adierazi digutenez, egunotan guztiontzako bideojokoak iritsiko zaizkigu: akzioa, lankidetza, kudeaketa edo tiroak jasoko ditugu bideojokozaleok.
Eider ‘Il4rgi’ Zabalegik agenda prestatu du, ohi bezala, Oiartzun Irratiko Arguyuan saiorako. Ezusteko gutxi datoz, baina titulu interesgarrietan aritzeko aukera egongo da; pare bat, gainera, urteko lanik irrikatuenen artean kokatzen dira.
Dagoeneko estreinatu den Two Point Museum interesgarriarekin hasi da Il4rgi. Ospitaleekin eta campusekin hasi ondoren, Two Point Studios eta Sega taldeen kudeaketa eta gestio obra berrian museoak gidatzeaz arduratuko gara. Balorazio bikainekin hasi du bere ibilbidea PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan.
Hazelight Studios taldea titulu kooperatibo berriarekin dator. Split Fiction martxoaren 6an argitaratuko du PS5, Xbox Series eta PC gailuetan, baina prentsa aldetik sekulakoak entzun ditugu jadanik. It Takes Two eta A Way Out zoragarrietan egindakoa errepikatuko da, gutxi gorabehera: lagun batekin plataforma, akzio eta puzzle erronkak bizi beharko ditugu, oraingoan errealitate birtualeko eleberrietan barneratuz.
Plataformak errepikatuz ikusiko dugu urteko estreinaldirik handienetakoa Ubisoft-en eskutik. Assassin’s Creed Shadows martxoaren 20an jasoko dugu: asasinoen istorioak Japoniara eramango ditu, nola ez, ninja eta samurai artera. Ubikoen urteko —eta belaunaldiko— apustu handia da, baina ikaragarrizko itxura daukala esan beharra dago: mundu ireki aberatsa, urtaroekin aldatzen doazen kokalekuak, isilpean aritzea eta borroka ikusgarriak agintzen ditu bi protagonista nagusirekin.
Nintendo pixkat alboratuta geratu da martxoko agendan, baina ez pentsa jokorik kaleratu gabe geratuko denik. Monolith Software estudioarekin batera Xenoblade Chronicles X: Definitive Edition birmasterizazioa plazaratuko du, baita, martxoaren 20an: Wii U kontsolan jokatutako JRPG erraldoiaren hobetutako bertsioa da. Esploratzeko planeta estralurtarra, denbora errealeko borroka taktikoak eta mecha robot izugarriak elkartuko ditu Switch kontsolan.
Zonbi beldurgarriak eta tiroak proposatzera etorriko da Tripwire Interactive Killing Floor 3rekin, bestalde. Martxoaren 25ean lagunekin batera ehundaka munstroren aurka jarriko gaitu misio desberdinetan: gure baliabideak zein abileziak hobetzeko materialak eta finantzazioa lortuko dugu hauetan, geroz eta maila zailagoetan parte hartzeko helburuarekin. Egungo belaunaldiko plataformetan estreinatuko da: PS5ean, Xbox Seriesetan eta PCan.
Hilabetearekin bukatzeko, Rebellion estudioa orain arte garatutako anbizio handieneko tituluarekin ikusiko dugu. Atomfall martxoaren 27an merkaturatuko da mundu irekiko akziozko RPG abentura proposatzeko: apokalipsi osteko Ingalaterra esploratu beharko dugu Fallout inspirazio iturritzat duen jokoan. Misterio ugari, pertsonaia eroak eta ekipamendura gehitzeko denetariko objektuak aurkituko ditugu gure abenturetan. PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One plataformetan estreinatuko da.
Iruzkinak