Hileko bideojokoei buruz hitz egin du Eider Zabalegik Oiartzun Irratian: era guztietako estreinaldiak datoz egunotan.
Urteko azken txanpan sartzen gabiltzala, bideojokoen mundua ere esnatzen eta biziberritzen dabil. Il4rgi bideojokozaleak hauxe ikusi, eta hileko estreinaldiei buruzko datuak prestatu ditu uhinetatik zabaltzeko helburuarekin.
Horrela, Oiartzun Irratiko Arguyuan saiotik igaro da, beste hilabete batez, jasotzeko ditugun bideojokorik interesgarrienak aurkeztuz. Eguberrietako kanpainari begira AAA erraldoiak zein indie txikiak ikusiko ditugu, baina adi: PlayStation, Nintendo nahiz Xbox jokalariak harrapatzeko prest datoz.
Hilabeteko lehena, hain zuzen ere, PlayStationena da. Urriaren 2an kaleratu zen mundu irekiko Ghost of Yōtei ederrak milaka bideojokozalen etxetik igaro da jadanik. Ghost of Tsushima ospatuaren jarraipen zuzenak Hokkaido irlara eramango gaitu Atsu gaztearen mendeku istorioa jarraitzera: samurai borrokak, mundu zabala eta istorio interesgarria biltzen ditu PlayStation 5eko esklusiboak.
Il4rgiri horrenbeste gustatzen zaio beldurraren generora joz gero, urriaren 8an estreinatutako Bye Sweet Carole aipatu du zaleak. Eskuz marraztutako abentura eder honek Disney etxeko filmeen estetika hartu, eta istorio ilun zein koloretsua kontatuko ditu plataforma atalen eta puzzleen artean. Kontsoletan zein PCan argitaratu da.
Titulu independenteetatik joko komertzialik handienera salto egin du ostean; izan ere, Battlefield 6 desiratua gure artean da jada. EAren tiro jokoa urriaren 10ean merkaturatu zen PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan. Ohi bezala, lehen pertsonako tiroketak, suntsipen mordoa eta multijokalari modalitate mordoa dakartza, baita jokalari bakarrarentzako kanpaina ere: zaleak pozik dabiltza oraingoz.
Beldurrera itzulita, Little Nightmares saga maitatuko hirugarren atala ere iritsi zaigu. Oraingoan, Supermassive Games estudio ezaguna arduratu da, Bandai Namco argitaletxearekin batera, jokoa sortzeaz: Low eta Alone txikiak kontrolatuko ditugu amesgaizto desberdinetatik ordenagailuetan nahiz kontsoletan.
Nintendo eta The Pokémon Company aurtengo sakelako munstroen titulua kaleratzeko prestatzen dabiltza, bitartean. Switch kontsolek urriaren 16an jasoko dute Pokémon Legends: Z-A. Txandakako borroken sistema alboratuta, Legends: Arceus-en ikusitako denbora errealeko mekanikak itzuliko dira, oraingoan, Lumiose City kokaleku ezagunean. Megaeboluzioen itzulera ere ikusiko dute zaleek, pokémon maitatu ugariren forma berriak aurkeztuta.
Xboxekin bukatuko dugu hilabetea, bi bideojoko handi kaleratuko baititu. Alde batetik, Ninja Gaiden 4 argitaratzeaz arduratuko da PlatinumGames, Team Ninja eta Koei Tecmo japoniarrekin batera: urriaren 21ean hasiko dira borroka odoltsuak PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan.
Bestetik, Obsidian Entertainment-ekin The Outer Worlds 2 argitaratuko du urriaren 29an, berriz, PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan. Fallout berrien estiloko RPG abentura honek espazioko Arcadia koloniara eramango gaitu. Erabakiz betetako abentura honetan gure abileziak hobetzen eta fakzioen arteko gerran laguntzen ariko gara planeta salbatzeko helburuarekin.
Iruzkinak