Donkey Kong Country, Dinasty Warriors zein Sniper Elite sagetako tituluak jasoko ditugu egunotan.
Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi zaleak gogotsu ekin dio 2025ari. Ohi bezala, Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan daukan txokotik igaro da hilabeteko estreinaldiei buruz hitz egiteko asmoarekin. Urtarrila hilabete interesgarria izango da, saga ezagunen joko berriak nahiz zaharrak ikusiko baititugu.
Lau proposamen ekarri ditu Il4rgik, baina aurretik The Game Awards ekitaldiko urteko jokorik onenak aipatu ditu, sarien banaketak zeresan handia izanik. Astro Bot ederra nagusitu da; bideojokozale euskalduna probatzen ari den titulua, hain zuzen ere.
Argitalpenekin hasita, Donkey Kong Country Returns HD dugu 2025eko lehen estreinaldi handia. Wii kontsolan jokatu genuen 2010ean; 2013an, berriz, Nintendo 3DS eramangarrian. Switch kontsolarako bertsioak hobetutako atal grafikoa zein 3DSrako gehigarriak bilduko ditu: urtarrilaren 16an helduko da saltokietara.
Dinasty Warriors Origins ikusgarriarekin jarraitzen dugu. Koei Tecmo-ren musou saga ezaguna urtarrilaren 17an PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan biziberrituko da; ohi bezala, ehundaka edo milaka arerioren aurka ariko gara, armada erraldoiak txinatar kondairekin akabatuz.
Eternal Strands hilabeteko ustekabe handia izan daiteke. Urtarrilaren 28an kaleratuko da Yellow Brick Games indie taldearen lana PCan nahiz PS5 eta Xbox Series kontsoletan. Azken The Legend of Zelda joko nagusiekin antzekotasun handiak dituela esan daiteke: askatasun handia agintzen du, batez ere protagonistaren kapa magikoak eskainiko dizkigun abileziengatik. Sua, izotza eta telekinesia uztartuta, arerioekin nahiz inguruneekin elkarreragingo dugu, baina estetika koloretsua ere nabarmentzekoa da.
Sniper Elite: Resistance-kin bukatu du hilabetea Il4rgik. Frankotiratzaileen saga istorio berriarekin dator: oraingoan, Frantziara bidaiatuko dugu naziei aurre egiteko. Isilpea izango da gure lagunik minena X izpien efektuak dituzte tiro ikusgarriak lortu nahi baditugu. Inbasioaren ezaugarria azpimarratzekoa da: beste jokalariak zure kanpainan sartzeko aukera daukate… baina ez laguntzeko asmoarekin. Noski, guk ere gauza bera egin dezakegu, gainerakoen partidak izorratuz. Urtarrilaren 30ean iritsiko zaigu egungo belaunaldiko kontsoletara, baita PCra ere.
Iruzkinak