Eider Zabalegi Oiartzun Irratitik igaro da agendarekin. Donkey Kong Bananza, Shadow Labyrinth edo Grounded 2 ikusiko ditugu egunotan.
Uztaileko egun eroei aurre egiteko bideojoko sorta zabala beharrezkoa da, eta halakoak utziko dizkigute datozen egunek. Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi zaleak agenda prestatu, eta hilabeteko estreinaldirik interesgarrienak ekarri dizkigu.
Horretarako, beti bezala, Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan daukan txokora jo du. Plataformak, esplorazioa, borroka latzak eta biziraupena, denetarik bizi dezakegu uztailean.
Donkey Kong bueltan da, bai, baina oraingoan hiru dimentsioko plataformarekin iritsiko zaigu. Uztailaren 17an Switch 2 kontsolan esklusiboki estreinatuko den Donkey Kong Bananza ederrarekin plataformak, esplorazioa, borroka dibertigarrian eta era guztietako erronkak biziko ditugu, planetaren erdialdera bidaiatu ahala. Ingurugiroak suntsitzen ariko gara gorilaren ukabilkada indartsuekin, guztia eraldatuz eta bertako baliabideak eskuratuz abilezia berriak lortzeko.
Egun bakar bat itxaron beharko dugu hurrengorako, Shadow Labyrinth uztailaren 18an merkaturatuko baitu Bandai Namco-k. Metroidvania abentura bitxi honetan planeta estralurtar arriskutsua esploratzeari ekin beharko diogu, Pac-Man mitikoaren laguntza jasotzen dugun bitartean… bai, ondo irakurri duzu. Secret Level telesaileko atal berezi hartan ikusi bezala, PUCK orbe hori misteriotsuaz baliatuko gara arerioak jateko eta indartzen joateko. Kontsola guztietan zein PCan jokatu ahalko dugu.
Wuchang: Fallen Feathers izango da hilabeteko beste izarretako bat. XVII. mendeko Txinan girotzen den soulslike honetan borroka zailak, izaki mitologikoak, kondairak eta armategi zabala ikusiko ditugu, guztia atal grafiko ikusgarriarekin aurkeztuta. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetara iritsiko da Leenzee txinatarraren titulua.
Testuinguruz zeharo aldatuta, Obsidian Entertainment eta Xbox Game Studios taldeek Grounded 2 sarbide goiztiarrean merkaturatuko dute uztailaren 29an. Aurreko atalaren proposamena errepikatuko, baina handituko —edo, txikituko— dute: biziraupena, esplorazioa, eraikitzea eta lankidetza sustatuko ditu intsektu erraldoiz eta bestelako animaliz betetako parkean girotutako abenturak. PCan zein Xbox Seriesetan ikusiko dugu, oraingoz, behintzat.
Hilabetearekin bukatzeko saga klasiko baten itzulera ikusiko dugu. Ninja Gaiden berria dator —ez Ryu Hayabusa-rekin, ordea!—, baina, oraingoan, erroetara begira jarriko da: Ninja Gaiden Ragebound 2D jokagarritasuna duen akzio eta plataforma titulu latza eta zirraragarria da. Blasphemous aparten The Game Kitchen sevillarrak garatutako lanak pixel art zoragarria, borroka bizkorrak eta jauzi ikusgarriak agintzen ditu. Uztailaren 30ean plazaratuko dute ordenagailuetan nahiz kontsoletan.
Iruzkinak