Oiartzun Irratiko Arguyuan saiotik igaro da Il4rgi, hilero lez, bideojokoen estreinaldiei errepasoa emateko.
Hilabete handiak ikusten dabiltza bideojokozaleak, eta Il4rgi bideojokozaleak martxoak ere bide horretatik joko duela erakutsi digu. Saga zaharren itzulera dator egunotan, baina aldaketa handiak dakartzaten tituluekin zein berrabiatzeekin.
Oiartzun Irratiko Arguyuan saioko Il4rgiren txokoa atalean Pokémon, Monster Hunter edo Marathon maitatuen atal berriak ikusiko dugula aipatu digu, besteak beste.
Bungie talde ezagunaren jokoa iritsi zaigu lehenik: Marathon tiro jokoak ezezagunak izango dira askorentzat, baina guztiz eraberritzeko lana gauzatu dute PC, PS5 eta Xbox Series gailuetarako titulu berriarekin. PvPvE formatua duen ateratze tiro jokoa garatu dute oraingoan, multijokalarira bideratuta. Lehen pertsonan, bakarka zein taldeka, Tau Ceti IV munduan barneratuko gara.
Pokémonek, bestalde, 30 urte bete ditu. Ospatzeko, spin-off titulu berezia utzi digu Switch 2 kontsolan: Pokémon Pokopia. Minecraft, Dragon Quest Builders edo Harvest Moon batzen dituela esan daiteke; giza itxurako Ditto bilakatuta, gainerako sakelako munstroentzako herria osatu beharko dugu, abileziak eta mugimenduak ikasita eraikitzen jarraitzeko. Lehen iritziak sekulakoak dira, frankizia osoko jokorik onenen artean kokatuta.
Indie jokoekin jarraitzen dugu: Planet of Lana 2 ere estreinatu baita dagoeneko. 2.5D estetika zoragarriarekin errepikatuz, Lana eta Mui jauzien eta puzzleen artetik gidatu beharko ditugu berriro. Atal grafiko ederra, istorio sinplea baina gozagarria eta esploratzeko mundu estralurtar interesgarria bildu dituzte berriz Wishfully taldeko garatzaileek. Kontsola nagusietan nahiz ordenagailuetan kaleratu dute.
Martxoaren 13an Monster Hunter Stories 3: Twisted Reflection merkaturatuko du Capcom japoniarrak. Ezagutzen ez duzuenontzat, Stories azpisaga JRPG jokoetara hurreratzen da, ehizak eta borroka kooperatiboak alboratuta. Horrela, munstroak hazten eta hezten nahiz hauekin batera txandakako borroketan parte hartzen ariko gara. Anime estetika ikusgarria, zeharkatzeko lurralde ikusgarriak eta istorio sakona bilduko ditu PC, PS5, Switch 2 eta Xbox Series plataformetan.
Hilabetearekin bukatzeko, akzio RPG ikusgarriak gustuko dituztenei zuzendutako Crimson Desert itxurosoa helduko da martxoaren 19an. Pearl Abyss estudio hegokorearraren —Black Desert MMORPGaren egileak— jokalari bakarrarentzako obra da: Pywel erresuman borrokak, esplorazioa eta abenturak biziko ditugu. PC, PS5 edo Xbox Series gailuetan jokatu ahalko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak