Dragon Quest VII Reimagined, Nioh 3, Mario Tennis Fever, Reanimal eta Resident Evil Requiem jasoko ditugu egunotan.
Jokalari mota guztiak pozik uzteko helburuarekin dator otsaila. Il4rgi bideojokozaleak Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan nabarmentzera eman duen bezalaxe, denetariko generoetako tituluak estreinatuko dira hilabete honetan.
Estreinatutakoetatik hasi da Zabalegi. Izan ere, Square Enix taldeak Dragon Quest VII JRPG maitatuaren Reimagined berregitea argitaratu zuen otsailaren 5ean. Atal grafiko ederrarekin, ohiko txandakako borrokak, Toriyama maisuak diseinatutako munstro xarmagarriak eta esploratzeko mundu zabala proposatzen ditu. Indartsu ekin dio bideari, balorazio bikainak jasota prentsaren zein zaleen aldetik: PC, PS5, Switch, Switch 2 eta Xbox Series gailuetan aurkituko dugu, eta doako proba eskaini dute egileek.
Nioh 3 ere estreinatu da jadanik, eta samurai zein ninja gerlarien jokoak ere kritika baikorrak jaso ditu. Deabruen aurka ariko gara, hirugarrenez, Koei Tecmo taldearen lanean. Mundu irekia —tamaina handiko kokalekuak, behintzat— zeharkatuko dugu oraingoan, Japoniako aro desberdinetan borrokatuz. PlayStation 5 eta PC gailuetan joka dezakegu; gainera, demoa probatzeko aukera dago.
Mario iturginak, bestalde, tennis erraketa hartuko du berriz otsailaren 12an. Mario Tennis Fever Switch 2an estreinatuko da egun horretan, partidu eroak eta koloretsuak jokatzeko aukera eskainita. Banakakoak zein bikotekakoak jokatu ahalko ditugu, tokiko zein sareko lehiatan, norgehiagoka arruntekin zein erronka bereziekin. Gainera, jokalari bakarrarentzako kanpaina prestatu dute Nintendo-koek.
Beldurra igaroz bukatuko dugu otsailarekin. Hasteko, Reanimal interesgarria iritsiko da otsailaren 13an PC, PS5, Switch 2, Xbox Series gailuetara. Little Nightmares ezagunen garatzaileen joko berriak antzeko proposamena dakar: neba-arreba protagonistek puzzleak oztopoak gainditu beharko dituzte amesgaiztoen munduan barneratzen doazen heinean.
Amaitzeko, 2026ko argitalpenik handienetakoa dator Capcom-en eskutik: Resident Evil Requiem. Bi protagonista, bi ikuspegi, munstroak eta birusak elkartuko ditu, beste behin, beldurrezko frankizia ospetsuaren bederatzigarren atal nagusiak. Erroetara itzultzen saiatuko dela dirudi, aldi berean azken ataletako akzioan ardatuz. Berriro, PC, PS5, Switch 2 nahiz Xbox Series gailuetako erabiltzaileentzat izango da.
Lander Unzueta
Iruzkinak