Pathologic 3, Cassette Boy, Highguard eta Code Vein 2 nabarmendu ditu bideojokozaleak Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan.

Il4rgiren txokoak 2026ko lehen saioa grabatu du, beti bezala, hilabeteko bideojokoen estreinaldiak aditzera emateko helburuarekin.

Oiartzun Irratira hurreratu da Eider Zabalegi bideojokozalea, beraz, Arguyuan irratsaioan agendan dituen tituluak aipatzeko prest: lau ekarri ditu oraingoan. Ez hori bakarrik, entzuleei zuzendutako galdera pare bat ere proposatu ditu.

Pathologic 3 da zerrendako lehena. Ice-Pick Lodge talde errusiarrak urtarrilaren 9an kaleratu zuen beldurrezko frankiziaren hirugarren titulua ordenagailuetan. Lehen pertsonan esploratzea eta ikertzea proposatuko digu hiri bat izurrite arriskutsuagatik salbatzeko.

Wonderland Kazakiri eta Pocketpair estudioek, bestalde, Cassette Boy ikaragarria argitaratu zuten PCan. Pixel bidez sortutakoa dela badirudi ere, guztiz bira dezakegun hiru dimentsioko mundua esploratzen jarriko gaitu, puzzleak gaindituz eta borroka ziraragarrietan parte hartuz.

Urtarrilaren 26an Highguard polemiko bezain itxurosoa helduko da. Wildlight Entertainment-en doako titulua lehen pertsonako tiro jokoa da: sarera bideratuta, jokalariek elkarren aurka lehiatu beharko dute armategi zabala eta fantasiazko abileziak erabilita. PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan zein PCan jokatu ahalko dugu.

Urtarrilarekin bukatzeko, Bandai Namco Code Vein 2rekin etorriko da urtarrilaren 30ean: kasu honetan ere, PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan kaleratuko da. Soulslike elementuak biltzen dituen ARPG honek borroka odoltsuak eta istorio sakona agintzen ditu anime estetika ederrarekin batera.