Avowed, Senua’s Saga: Hellblade II eta Ara: History Untold erakutsi dituzte talde berdekoek, amaierarako utzitako ustekabekoarekin.

Microsoft-ek agindu bezala, Xbox Developer_Direct aurkezpena ikusi ahal izan dugu. Bertan lau bideojoko agertu dira —gehi ezusteko bat!—; hala eta guztiz ere, iragarpen nagusia Indiana Jones arkeologoaren itzulera izan da IJ and the Great Circle tituluarekin.

MachineGames estudioak 2021. urtean iragarritako jokoa lehen pertsonako akziozko abentura izango da. Indy kontrolatuta zigorrez betetako tiroketetan bizirauten, puzzleak argitzen eta altxorrak bilatzen ariko gara. Gidoi guztiz berriarekin, George Lucas eta Harrison Ford zinemagileen filmeetako ohiko pertsonaiak nahiz berriak ikusiko ditugu.

Indiana Jones and the Great Circle aurten estreinatuko da, oraindik zehaztu gabeko egunean, Xbox Series eta PC plataformetan.

Obsidian Entertainment talde beteranoa garatzen dabilen Avowed interesgarriak ere hainbat begirada erakarri zituen atzo gauean. Pillars of Eternity CRPG saga maitatuko Eora mundura itzuliko gara, oraingoan lehen pertsonako akziozko jokoa bizitzeko.

Magiaz eta ezpatez betetako borrokak nagusi dira Avoweden: aukera eta aniztasun esanguratsuak eskainiko dizkigute mekanika bizkorrekin eta erasotzeko bide mordoarekin. Erabakiek ere pisua izango dute, noski baietz: misioetan egindakoek ondorioak edukiko dituzte istorioan.

Avowed Xbox Series X zein S kontsoletan eta PCan kaleratuko dute udazkenean.

Aspaldi iragarrita bazegoen ere, estrategia eta kudeaketa jokoen zaleak harritzea lortu du Oxide Games estudioak Ara: History Untold itxurosoarekin. Civilization V zoragarriaren garatzaileak prestatzen ari dira; hori horrela, Sid Meier-en sagarekin antzekotasun handiak edukiko ditu.

Halako jokoetan ohikoa den modura, gure herrialdea eraikitzea eta historian gidatzea dira proposatutako helburuak. Gerra, diplomazia, ekonomia eta bestelako faktoreak kontuan hartu beharko ditugu, baina, bizirauteko zein garaipena lortzeko.

Developer_Directean garatzaileei eman diete hitza, jokoa aurkezteko aukera emanez. “Mundu bizia” eratu dutela diote: prozeduralki sortutako lurra ikusiko dugu, “gure erabakiak islatuz”.

Ara: History Untold ere udazkenera doa: PCan ikusiko dugu bakarrik.

Ninja Theory taldea zuzenekoetan nahiz ekimen berezietan behin eta berriro erakutsi duten Senua’s Saga: Hellblade II ikusgarria izan da directaren laugarren titulua. Senuaren bidaiko jarraipenaren xehetasun gehiago ezagutu ditugu: adibidez, zortzi ordu inguruko iraupena edukiko duela.

Hori horrela, aurreko jokoan ikusitakoa hobetzen eta hedatzen dabiltzala pentsa dezakegu. Itxura batean antzekotasunak dituzten arren —batez ere, mitologia eskandinaviarraren hautaketa—, ez da God of War bezalako akziozko abentura.

Digitalki merkaturatuko dute, 50 eurotan. Lehenengo jokoarekin ere edizio fisikoa alboratzea erabaki zuten hasiera batean, kaleratu eta urtebetera saltokietan aurki zitekeen arren.

Argitaratze data ezagutu dugu, bukatzeko: Hellblade II maiatzaren 21ean kaleratuko dute PC zein Xbox Series X eta S gailuetan.

Directarekin bukatzeko, ezusteko txikia gorde dute Xboxekoek. Square Enix taldearen Visions of Mana berria erakutsi dute: Mana saga maitatuko ARPG berria izango da. Koichi Ishii frankiziaren aita ekarri dute obra berriari buruz hitz egiteko, batez ere munstroen diseinuan sakonduz.

Estetika koloretsuarekin eta mundu irekiarekin, borrokak nahiz esplorazioa dira Visions of Manaren ardatz. Udan ikusiko dugu, dena ondo badoa, PC, Xbox Series eta PlayStation 5 nahiz PlayStation 4 plataformetan.

Xbox Developer_Direct ekimena osorik ikus dezakezue jarraian: