Azken Wolfensteinen arduradunek hartu dute abentura berria garatzeko lana.

George Lucasek 1981ean sortutako Indiana Jones arkeologoa zineaz gain beti egon da bideojokoen mundura estu lotuta. Izan ere, hainbat izan dira pertsonaiak protagonista izandako abenturak: Indiana Jones and the Fate of Atlantis, Indiana Jones and the Infernal Machine edota Indiana Jones and the Emperor’s Tomb bezalako lanetara jokatzeko aukera eduki zuten arkeologoaren jarraitzaileek.

Urteak igaro dira bere azken jokotik, baina joan den astean sortutako Lucasfilms Games markari hasiera emateko Bethesdak Indyren obra berria prestatzen ari dela iragarri du sare sozialetan. Teaser labur batekin egin du, eta bertan arkeologoaren txapel eta zigor ezagunekin batera jokoa prestatzeko ardura izango duen estudioaren izena agertzen da: Wolfenstein berrienen MachineGames garatzaileak hartuko du abentura hau garatzeko lana.

Oraindik izenburu ofizialik gabe, bideojokoaren ekoizlea Todd Howard Bethesdako burua izango dela adierazi dute txio batean. Xehetasun gehiago aipatzeko “denbora falta dela” nabarmendu dute, baina istorio guztiz berria izango dela baieztatu dute. Proiektuari gogotsu ekin diotela ere azaldu dute garatzaileek.

Microsoftek Bethesda erosi zuen pasa den urteko irailean. Ikusteko dago beraz abentura berri hau zein plataformetarako estreinatuko duten.