Azken aldian indie-a modan jartzen ari dela dirudi. Liburuak, musika, filmak eta baita bideojokoak ere. Indie games delakoek jasan duten gorakada edonon nabari daiteke. Izan ere, hau Indie Totem sortzearen arrazoietako bat izan liteke. 


Nork ez du jada indie-a ezagutzen? Arrakastaz edo onarpen publikoaz kezkatu gabe, pieza ikusgarri eta berritzaileak sortzeko prest dauden pertsona talde txikien ideia erromantikoa. Baina... zergatik dira hain bereziak?

indie jokoak 

Jokoaren sortzailea eta publisher-a talde edo pertsona bera direnean, bideojokoa indie dela esan ohi da. Hala ere, gehiengoek garapena eta sustapena alde desberdinetatik lantzen dituzte. Gauzak horrela, sortzaileek ikuspegi artistikoa ahalik eta gehien jorratzen saiatzen diren arren, askotan publisher-ak du azken hitza. Egoera honek garatzaileen sormena mugatzen du eta produktu berritzaileak egiteko aukera ezin hobea galdu. Orain arte funtzionatu ohi duen formula (Call of Duty/FIFA/Assassins) baldin bada... zergatik aldatu bada?


Indie
jokoek ez dutelako sormen mugarik. Bideojoko hauek pertsona berak garatu eta saldu ditzakeelako, hirugarren baten menpe egon beharrik gabe. Hau da, garatzailea bera izango da dirua lortzeaz, marketinaz eta harreman publikoaz kezkatu beharko dena. Mereziko ote du hainbesterako lanak? Produktu berritzaileak garatzeko sormen askatasuna, nahiz eta beti ondo ez irten, nahikoa sari izan ohi da artista hauentzako.

 


Edonola ere, joko bat indie edo ez den definitze dituen parametroak ez daude batere argi. Izan ere, estudio berak garatu eta argitaratu dituen hainbat bideojoko badira. Kasu hauetan, jokalaria berari dagokio ondorio propioak ateratzea.

 

Laburbilduz, berdin dio bideojoko bat talentudun ehun pertsonako talde handi batek edo bi amateur-ek etxeko sotoan garatu duten. Joko bat nork edo zerk egiten duen indie, ez da honen ideiak adierazten duena baino garrantzitsuagoa. Bideojokoen industria eboluzionatzen doan heinean nahasgarriago egiten doan kontzeptu bat izan arren, finantza eta sormen arriskuak bere gain hartu eta joko tradizionalen burokraziari astindu bat emateko prest pieza ederrak sortzen dituzten gizabanako ausartak gelditzen diren bitartean behintzat, honen izpiritua bizirik mantenduko da.