20 minutuko iraupenarekin, garatzaile independenteen mundutik Switch-era iristear dauden jokoak erakutsi zituzten atzo.
Agindu bezala, Nintendokoek Indie World ekimena burutu zuten atzo arratsaldean. Bertan mota guztietako bideojoko independenteak ikusi genituen: akziozko abenturak, karta jokoak, musika ardatz duten lanak, puzzleak gaindituz burua erabiltzeko proiektuak eta gehiago agertu ziren, guztiak garatzaile txikiak sortutakoak. Goazen interesgarrienen errepaso txikia egitera:
Aurkezpena Ooblets bereziarekin hasi zuten. Glumberland estudioa eratzen dabilen titulu hau Pokémon eta Animal Crossing frankizia ezagunen nahasketa dela esan daiteke: munstro alai batzuk hazteko eta hezteko aukera izango dugu hemen, baina aldi berean gure herrixka zein etxetxoa kudeatu, negozioa ireki eta askoz gehiago egiten ibiliko gara.
Bideojokoa aspalditik joka daiteke bai PC-an, bai Xbox-en —oraindik 1.0 bertsiora iritsi ez diren arren—. Switcheko bertsioa uda honetan kaleratuko dela jakinarazi dute arduradunek.
PCan dagoeneko kaleratuta dagoen beste abentura batekin jarraituta, NamaTakahashi garatzaile japoniarraren ElecHead interesgarria Switchera ere iritsiko dela ezagutu genuen aurkezpenean.
Puzzle eta plataforma joko txiki honetan gailu desberdinei argindarra emateko boterea daukan robot baten kontrola hartuko dugu. Plataformak mugitu, laserrak aktibatu eta askoz gehiago egiten ariko gara mundura argia ekartzeko helburuarekin. Udan estreinatuko da Nintendo Switchean.
Burua erabiltzeko joko batetik, musika nagusi den beste batera igaro ziren. Sounfall-ek proposamen benetan interesgarria dakar: tiroak, ziegak eta lau lagunentzako partida kooperatiboak musikarekin batuko ditu. Erritmoa jarraituta gure erasoak boteretsuagoak izango dira, besteak beste. 140 abesti eta gure pertsonaia pertsonalizatzeko 500 bat elementu agintzen dituzte garatzaileek.
Soundfall dagoeneko estreinatu du Noodlecake estudioak, gainera: Switchera iristeaz gain PlayStation, Xbox eta PC plataformetara ere heldu da.
Bideojokozale askok ezagutuko dute iaz ofizialki kaleratutako Totally Accurate Battle Simulator dibertigarria. Armadak bataila dibertigarrietan parte hartzera bidaltzeko joko hau PCtik eta Xboxetik igaro ondoren Switchera iritsiko dela ezagutarazi dute Landfall Games-eko suediarrek: udan merkaturatuko dute kontsola hibridoan.
Atzoko Indie Worldean iragarritako titulurik interesgarrienetakoa da, zalantzarik gabe, Gato Roboto-ren sortzaileen lan berria. Doinksoft estudiokoek Gunbrella ikaragarria ezagutzera eman zuten aurkezpenean: 2D plataformak, tiroak eta esplorazioa bilduko dituen punk-noir girotzedun abentura izango da.
Devolver Digital argitaletxea arduratuko da, nola ez, bideojokoaren banaketaz: Switchera nahiz PCra helduko da datorren urtean.
Aspalditik ezagutzen genuen Silt beldurgarriari buruzko informazio gehiago jaso genuen atzo. Spiral Circus Games garatzaile britainarra sortzen ari den bideojokoak Limbo bezalako lanak gogoratzen ditu; oraingoan, ordea, itsaso sakonean ibiliko gara. Bertako izakien gorputzak lapurtu eta abilezia bereziak erabiltzeko ahalmena izango dugu. Modu horretara puzzleak gainditzen joan beharko gara.
Zuri-beltzezko mundu erraldoi hau Switchera nahiz Xboxera, PlayStationera eta PCra helduko da uda honetan.
Devolver Digitalen esku geratutako lanekin jarraituta, Cult of the Lamb interesgarriaren trailer berria ikusteko aukera izan genuen atzoko egitasmoan. Komunitate leiala eratu, herrixka sortu, bizirauteko beharrezko guztiak batu eta… munstro zein etsai desberdinei aurre egitea izango da gure helburua bi dimentsioko obra honetan.
Massive Monster Studios ari da bideojokoa garatzen; plataforma guztietara iritsiko da aurten, data zehaztu gabe —bai, badakigu trailerraren izenburua “argitalpen dataren trailerra” dela—.
Aggro Crab estudioa prestatzen ari den bideojoko ikusgarriarekin bukatu zen Indie Worlda. Gezurra badirudi ere, Another Crab’s Treasure FromSoftware japoniarraren jokoetan inspiratutako abentura izango da. Hau da: Dark Souls, Elden Ring eta halakoetako oinarrizko mekanikak izango ditu, baina karramarro batekin.
Mekanika bereziarekin dator, baina: oskola galduz gero, kolpe bakarraz garaituko gaituzte. Beraz, gure zereginetako bat uneoro maskorra edukitzea izango da. Horrez gain, itsas hondoko erreinu ederra esploratzeari ekingo diogu. Datorren urtean argitaratuko da Switchean zein PCan.
Amaitzeko, aipatu gabe utzi ditugun atzoko iragarpenak zerrendatuko ditugu:
Iruzkinak