Daniel Mullins indie garatzailearen titulua Devolver Digital argitaletxearen eskutik kaleratuko da kontsoletan. Iaz PC-an estreinatu zen.

Karta jokoen gorakada izugarria bizitzen gabiltza azken urteotan. Ohikoena duelu mekanikak dituztenak ikustea bada ere, beste mota batzuetako proposamen interesgarriak ikusteko aukera ere eduki dugu. Hori da, hain zuzen ere, Inscryption sarituak aurkeztutakoa. Arduradunek jakitera eman dutenez, PlayStation 4 zein PlayStation 5 kontsoletan jokatu ahalko da abuztuaren 30etik aurrera.

Devolver Digitaleko kideek ezagutarazi dute berria. Modu horretara, Daniel Mullins sortzaileak PCrako prestatutako abentura kontsoletarako moldatuko dute. Dirudienez, berritasun gutxirekin helduko da PlayStationera: DualSense agintearentzako ezaugarri bereziak edukiko dituela dakigu momentuz.

Misterio handiak eta beldurrezko elementuak biltzen ditu Inscryptionek. Tituluak hasiera batean eskaintzen duena baino askoz gehiago ezkutatzen du; jokalariaren esku egongo da hauetan sakontzea, horrela nahi badu behintzat. Hori lortzeko, eta karta gehiago eskuratzeko, baina, ordaindu egin beharko dugu. Zerekin? Gure gorputzarekin, noski.

Narratiba bikainarekin, iaz ordenagailuetan estreinatutako jokoak sekulako balorazio bikainak eskuratu zituen, bai prentsaren aldetik, bai bideojokozaleenetik. Zaila da proposatzen dituenak aurkeztea ezustekoetan sartu gabe; hortaz, premisak erakartzen bazaitu, ez izan zalantzarik eta murgil zaitez bideojokoan. Karta jokoak gustatu ez arren —edo hauetan traketsa izan—, azken urteetako indie obrarik apartenetakoa da Mullinsena.

Abuztuaren 30ean kaleratuko da Inscryption PS5ean eta PS4an.