Kaixo lagunok!

Honez gero jakingo duzuen bezala, 2017. urteko interneti dagokion Argia saria irabazi dugu. Joan den ostiralean (2017/01/27) jaso genuen Usurbilgo Atxega jauregian oso giro on eta lagun artean, bazkal ostean. Zorionak beraz, komunitate honen inguruan zabiltzaten edo noizbait ibili zareten guztioi, sari hau zuena ere bada eta. Zoro zoragarriz osatuta dago gure mundu txiki hau! Poz izugarria eta indarra eman digu berriz ere martxan ditugun eta jarri nahiko genituzkeen proiektuak gogo biziz hartzeko!

"Gero eta indartsuagoa den mundu birtual eta globalizatuan euskaraz eta komunitatean funtzionatzeko hautua egiteagatik" eman ziguten guri saria baina gurekin batera, bestelako talde eta norbanako interesgarriek ere irabazi zuten saria. Hemen aipatu nahiko nituzke:

 Hona hemen irabazleoi egin ziguten bideo bilduma:

 

Guri dagokigunez, Argiako lagunek artikulu batean laburtu zuten bertaratu zirenei guk adierazi nahi izan geniena. Baina funtsean, esan nahi genuena honela laburbiltzen dugu:

"Jone Goirigolzarri soziologoak dioen moduan, 'Euskara erabiltzeko aukerak sortu behar dira modu masiboan, diskurtso hutsak ez du ezertarako balio' eta hori da Game Erauntsian egiten duguna, teorizazio handirik gabe, gauzak egin. Euskarazko guneak sortu behar ditugu (batez ere aisialdiari lotutakoak) eta euskaldunok orain arte gureganatu ditugun eta bertan lasai egon garen "konfort" guneetatik atera behar gara. Leku berrietara iritsi behar dugu, nahiz eta askotan errezeloz ikusten ditugun. Bideojokoen txokoa izan daiteke horietako bat, non euskaldunon ikuspegitik oso mundu erdaldun, askotan biolentziari erabat lotua eta gizonezkoena den (beste hainbat eta hainbat aieru ez aipatzearren).

Pentsatzen dugu, badela garaia aisialdiarekin lotutako honelako guneetan lokatzetan sartu eta guk gure ikuspegitik eraldatzen hasteko. Bideojokoen mundua euskaldunago, jolasarekin lotuago eta parekideago egin dezagun."

Argazki galeria oso ikusi nahi izanez gero, hemen duzue lotura eta ekitaldi osoa ere hor duzue.

Mila milioi esker Argiari poz, errekonozimendu eta ikusgarritasun hau emateagatik eta batez ere zuri, blog hau irakurri eta gure ekimen desberdinetan parte hartzen duzun horri. Zuek gabe, ez gara ezer.

 

Artikulu honetako argazki guztiak Dani Blancok eginikoak dira eta bideoarekin batera, argia.eus webgunetik Creative Commons lizentziapean eskuratuak.