Subset Games-eko arduradunek Android nahiz iOS gailu mugikorretarako bertsioak ere argitaratu dituzte.

FTL maisulanagatik dira ezagunak, baina Subset Gamesen Into the Breach ere bideojoko bikaina da askorentzat. Estrategia joko honek bere oinarrizko bertsioan eduki mordoa ekartzen dituen arren, garatzaileek Advanced Edition izeneko eguneraketa prestatu dute are ezaugarri gehiago gaineratzeko; ez hori bakarrik: adabakia guztiz doan kaleratu berri dute.

Roboten eta pizti erraldoi mutanteen arteko gerrarekin jarraitzeko gogoz geratu zirenak asebeteta geratuko dira edukiokin. Hasteko, garaipena lortzeko baliabideak aregotu dira: bost robot eskuadroi eta 40 arma berri inguru jaso ditu estrategia bideojokoak. Horrez gain, pilotuen aldetik ere berritasunak ikusiko ditugu: lau gidari eta hauentzako abilezia berezi mordoa gehitu dira.

Nola ez, hauek guztiak balioan jartzeko dozenaka misio ikusiko ditugu. Horietan, gainera, munstro berrien aurka ariko gara: etsai arruntak nahiz buruzagiak prestatu dituzte gatza eta piperra emateko. Bete beharreko helburu sorta eguneratua ere dakar adabakiak, partida bakoitzari aniztasuna eskaintzeko.

Bukatzeko, soinu bandarako abestiak, zailtasun maila berria —zailagoa, noski— eta beste hainbat eduki ere nabarmendu dituzte arduradunek.

Estrategia roguelike erako mekanikekin biltzen du tituluak. Robot erraldoien kontrola hartuta pizti erraldoien inbasioari aurre egitea izango da gure helburu nagusia. Horretarako hauen abileziez baliatuko gara, baina baita kokalekuetako baliabideez ere. Horrela, partida bakoitza guztiz desberdina izango da: kudeaketa lanak modu zuzenean antolatzea, gainera, borroketan garaile izatea besteko garrantzitsua da.

Into the Breach estreinatu den plataforma guztietan deskarga daiteke Advanced Edition eguneraketa: PC-an zein Switch-ean, beraz… eta iragarritako plataforma berrietan, noski. Izan ere, gailu mugikorretara iritsi berri da Subset Gamesen jokoa: Netflix harpidetza bidez Android zein iOS gailuetan joka daiteke estrategia abenturara.