Quarter Up garatzaile hasiberriak hiru superheroiz osatutako taldeak prestatzera eramango gaitu konboz betetako dueluak bizitzeko: hemezortzi borrokalari bilduko ditu.

Invincible VS taldekako borroka jokoa gaur estreinatuko da. Robert Kirkman komikigilearen obrako, eta, batez ere, gaur egun horren arrakastatsua den animazio telesaileko pertsonaiak elkarren aurka jarriko ditu norgehiagoka odoltsuetan.

PlayStation 5 edo Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko da Invincible VSen, baita PCan ere. Quarter Up estudioaren lehen bideojokoa izan arren, erakutsitakoagatik lan bikaina egin dutela ikus daiteke; atzetik, Skybound Games argitaletxearen babesa jaso dute.

Taldekako borroka jokoa (tag fighting) da Invincible VS: hiru superheroiz edo superbilauz eratutako taldea prestatu beharko dugu borroka bakoitzerako, Marvel Vs Capcom edo Dragon Ball FighterZ ezagunagoetan egin modura. Oinarrizko jokoak hemezortzi borrokalari batzen ditu: Invincible bera zein falta ezin ziren Omni Man, Atom Eve, Battle Beast, Conquest, Robot eta Monster Girl hautatu ahalko dira, besteak beste.

Mugimendu sorta berezitua eta zabala erabiliko du bakoitzak: denetariko balio dutenak, heltzeetan adituak, tankeak, edo tranpak erabiltzen dituzten borrokalari teknikoagoak daude jokoan. Eduki gehigarriak ere egongo dira tartean, nola ez: ordainpeko lehen DLCan Immortal edo Universa aurkitzen dira.

Konbo luzeak, hauek are gehiago irauteko asistentziak eta mugimendu berezi hilgarriak ikusiko ditugu partidetan. Garatzaileek diotenez, jokalari hasiberrientzako zein txapelketetan jokatuko duten adituentzako aproposa den bideojokoa sortzen saiatu dira; gainera, borroka jokoen munduko jokalarien eta eduki sortzaileen laguntza jaso dute.

Bakarka aritzea gogoko dutenek, bestalde, istorio edo kanpaina modalitate guztiz berrian jokatu ahalko dute. Unibertso eta heroi alternatiboak protagonista dituen gidoia prestatu dute egileek; hau da, obra originalean aurkitu ahalko genukeen istorioa.

Invincible ezagutzen dutenek ondo dakite zer nolakoak diren bertan agertzen diren borrokak: gorea eta kolpe hilgarriak atal bakoitzean ageri dira. Bideojokoa ez da maila horretara iritsiko —Mortal Kombat baino maila bat beherago dagoela esan daiteke—, baina gure borrokalariek odolez blai eginda bukatuko dituzte dueluak.

Komikiak eta telesailak hainbat aldaketa ditu gidoi eta testuinguru aldetik: VS bideojokoa telesailean oinarritzen dela esan beharra dago. Estreinaldia, gainera, laugarren denboraldiaren bukaerarekin lotu dute arduradunek.

Gaur ikusiko dugu Quarter Up portatu den: Invincible VS PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan kaleratzen da.