Invisigun: Reloaded Sombr Studio-k garatu eta argitaratutako bideojokoa dugu. PlayStation 4 eta Nintendo Switch kontsoletan dago eskuragarri. Ordenagailuen kasuan Windows, Linux eta Mac sistema eragileetan joka daiteke, eta hainbat saltokitan dago erosgai: Itch.io, Steam eta Humble Store denda digitaletan, hain zuzen. iOS erabiltzen duten gailuentzako bertsio bat ere kaleratu zuten. Bi, hiru edo lau jokalarirentzako jokaldiak aurkezten ditu, eta bertan ezkutuan ibili beharko dute, izan ere, guztiak baitira ikusezinak!

 

Ehiztari ikusezinen dantza

Jokoaren kontzeptua berez oso sinplea da, bi eta lau jokalari arteko jokaldietan, parte-hartzaileak elkarren aurka neurtzen dira. Berezitasun nagusia zera da, guztiak direla ikusezinak, denek daramate pistola bat baina ondo aukeratu beharko dute hau erabiltzeko unea, tiro egitean norberaren kokapenaren berri ematen baita.

Lau jokalarik jokatzen dutenean kaotikoagoa eta dibertigarriagoa bilakatzen da.

Kontrolak zeharo sinpleak dira eta gainera, oso zehatzak. Jokalariak lau norabidetan mugitu ahal izango dira nahi izanez gero: gorantz, beherantz, ezkerrerantz eta eskuinerantz. Pausoak banan-banan egin daitezke teklatuan norabideentzako teklak banaka sakatuz eta agintearekin gurutzeta erabiltzea oso gomendagarria da, arrazoi berdinagatik. Horma baten aurka talka eginez gero, gure pertsonaiaren kolorea agertuko da horma horretan, eta adi dauden jokalari guztiek izango dute gure kokapenaren berri.

Horrez gain, bi botoi baino ez ditu erabiltzen: pistolaz tiro egitekoa eta pertsonaia bakoitzaren abilezia berezia erabiltzekoa. Ekintza hauek eginez gero, kasu bietan, pertsonaiaren kokapena azaleratuko da une labur batez. Ekintza biek behar izaten dute denbora tarte labur bat berriz erabilgarri egon daitezen.

Jokaldiek une estu zein entretenigarriak eskaintzen dituzte.

Aurrekoaren ondorioz, Invisigun: Reloadeden jokaldiak tentsio puntu bat daukaten borroka laburrak bilakatzen dira. Jokalari guztiak dira ikusezinak, denak dabiltza ezkutaketan, eta ez dago argi nor den ehiztaria, eta nor ehizatua. Jokalari bakoitzak besteak egiten ari direnaren ideia bat osatuko du bere buruan. Ingurugiroak eskaintzen dituen informazio txikiak baliatzen saiatuko dira borrokalari guztiak. Hala ere, arerioak agerrarazten direnean ezusteko handiak hartuko ditugu sarritan.

Pertsonaien abileziak nahiko anitzak dira eta ziurrenik jokalari bakoitzak bere gustukoren bat aurkituko du. Bat hormen gainetik jauzi egiteko gai da, beste bat ziztu bizian mugitzen da bulkadak erabiliz eta badaude abilezia konplexuagoak dauzkatenak ere. Abileziok aldagai interesgarriak gehitzen dizkiote jokoari, baina, kasu batzuetan, galbidera eraman gaitzakete, ondo neurtu behar baita hauen erabilpena.

Piztiak etxekotzea eskatzen duen joko modua berezienetakoa da.

Jokatzeko modu ezagunena eta erabiliena biziraute modua da. Bertan, jokalariak bizirik dirauen azken jokalaria izateko lehiatuko dira. Baina badaude beste zenbait, hauetako batzuek lehiakideak besteek baino gehiagotan erailtzea eskatzen digute, geu zenbat aldiz hiltzen garen axola gabe.

Beste jokatzeko modu batzuek borrokalekuaren gune batzuk konkistatzea eskatzen digute, edo honen harlauza (lurra laukitxo txikitan banatuta dago) gehienak gure kolorez tindatuta uztea. Oraindik bereziagoak direnak ere badaude. Nik oinarrizko moduan jokatu ohi dut, baina jokatzeko moduei dagokien aniztasun honek Invisigun: Reloadeden bizitza luza dezake, helburu desberdinei bideratutakoak baitaude.

Bi botoi baino ez ditu erabiltzen: pistolaz tiro egitekoa eta pertsonaia bakoitzaren abilezia berezia erabiltzekoa.

Borrokalekuei dagokienean ere aberatsa dugu Invisigun: Reloaded. Planeta bakoitzak zenbait ezaugarri ditu (elurra, teknologia, harea, basoak…) eta hauetako bakoitzean hainbat kokaleku ezberdin aurkituko ditugu (72 kokaleku trailerraren arabera).

Mekanika bereziak ezartzen dituzten tokiak dira, elurra zein harea zapaltzean gure oinatzak ageriko dira, etsaientzat oso baliotsua izan daitekeen informazioa oparituz. Zenbait objektu tiro bat edo bi joz suntsitu ahal izango ditugu, baina prozesu honek ere gure kokapena ezagutaraziko du. Ondo pentsatutako adibide interesgarriagoak eta konplexuagoak daude, tokiz mugitu ditzakegun meatze-orgak edo jokalariak bultzatuko dituzten haize boladak, esaterako.

Pertsonaia aukeratze-pantailan bakoitzaren abileziak ikusiko ditugu, baita mezu laburrak bidali ere.

Irabazle izatea lortzeko isilpean lehiatzen gabiltzala, borrokalekuan astiro-astiro eroriko diren indartzaileak ikusi ahal izango ditugu. Hauek abantailak ematen dizkiete biltzen dituzten jokalariei, baina, suposatuko duzuen bezala, hauen bila joatea arrisku gehigarrian bilakatu ohi da. Izan ere, ez da arraroa norbait hauetatik gertu ezkutatu eta segada gauzatzeko prest egotea. Aniztasun interesgarria aurki genezake indartzaileen artean: mugitzeko abiadura areagotzailea, pausoak isilean egitekoa, arerioen ikusezintasuna denbora batez eteten duena, pistola hobetzeko hainbat jaurtigai berezi…

Aipagarria da nahi diren indartzaileak aktibatu zein desaktibatzeko aukera dagoela. Pertsonalki, oso gogoko dut zerbait kolpatu ondoren lehergai txikietan banatzen den jaurtigai berezia.

Hainbat aukera daude jokalarien esku, nahi duten moduan lehia daitezen.

Invisigun: Reloadedek aukera sorta aberatsa eskaini nahi dio jokalariari pertsonaia, jokatzeko modu, borrokaleku eta indartzaileei dagokienean. Horrez gain, berdina egiten saiatzen da jokalariak aurkitzerakoan. Gailu bakarra erabiliz, aginteak zein teklatua erabil daitezke lau jokalarik joka dezaten. Fisikoki lagunekin ez egotekotan, online bidez ere egin daiteke, ostalariak hizki gutxiko kode bat jasoko du lagunek bere ostalari-gela erraz aurki dezaten. Eta, aukera bi hauek kale egitekotan, ordenagailuak kontrolatutako nahi beste etsai gehitu ahal izango ditugu, guztira lau lehiakide izan arte.

Ez da ohikoena lau jokalari aldi berean ikusi ahal izatea.

Interesgarria da, kasu askotan ez bezala, hiru iturri desberdinetatik lor genitzakeela lehiakideak aldi berean. Honi esker, jokalariak jokaldira modu ezberdinean batu direnen aurka jolastu ahal izango du, adibidez: etxe berdinean berarekin dagoen lagun bat, Internet bidez batu den urruneko kide bat eta gehitzea erabaki duten bot bat.

Jokalari guztiak dira ikusezinak, denak dabiltza ezkutaketan, eta ez dago argi nor den ehiztaria, eta nor ehizatua.

Azkenerako utzi dut, baina atal aipagarri zein interesgarria da bakarkako jokalariei eskainitako kanpaina. Hainbat jokalarik batera joka dezaten pentsatua izan arren, Invisigun: Reloadedek pertsonaia bakoitzarekin joka daitekeen misio aniztun istorio modua dauka.

Bertan pertsonaia bakoitzarentzat espreski pentsatutako erronkak aurkituko ditugu. Misio guztiak bukatutakoan etsai nagusi baten aurka borrokatzea eskatuko digun azken maila egin beharko dugu. Pertsonaia bakoitza maisuki erabiltzen ikasteko ez ezik, hasieratik erabili ezin diren zenbait pertsonaia askatzeko ere balio du kanpaina hauek amaitzeak.

Bakarkako misioetan azkena, arerio nagusi bat garaitzea eskatzen duena izaten da.

Invisigun: Reloadedek plataforma ezberdinen artean elkarrekin jokatzea baimentzen du, salbuespen batekin: PlayStation 4ko jokalariek ezin dute beste plataformatako jokalariekin jokatu. Ondorioz, beste guztiek elkarrekin jokatzeko aukera izango dute, hots, ordenagailuko sistema eragile zein saltoki ezberdinetako jokalariek, Nintendo Switchekoek eta iOSekoek.

Gaur egun zaila da jokalariak aurkitzea Internet bidez batu eta elkarrekin lehiatzeko, hori dela eta Discord aplikazioan bideojokoaren zerbitzaria oso baliagarria izan daiteke jendea aurkitu eta beraiekin jokatzeko. Hala ere, ez ahaztu jokoak etxe berdinean dauden pertsonekin zein ordenagailuak kontrolatutako nahi beste botekin borrokatzeko abagunea eskaintzen digula.

Puntu bakoitzaren ondoren errepikapena agertzen da, bakoitza nondik ibili den erakutsiz.

Invisigun: Reloaded bideojokoak ondo eratutako eskaintza egiten dio jokalariari. Oso erraz ulertzen diren oinarrizko arauak ditu eta kontrol sinpleak. Hau ulertuta edozein jokalari denbora laburrean egongo da jokatzeko prest. Jokaldiek lagunen zein ezezagunen arteko lehia laburrak pizteko gaitasun abila daukate. Parte-hartzaileek hainbat aukera izango dituzte jokoaren arauak beraien erara moldatzeko. Jokalariak bere teknika hobetu nahi izatekotan ondo landutako bakarkako jokatzeko misio-sorta izango du erabilgai. Gaur egun Steameko erabiltzaileen artean % 87 iruzkin positiboa izatea lortu du.