Super Mario 64
Iragana beti hobea izan dela diote askok, baina badakigu hori askotan ez dela egia. Ezer asmatuta ez dagoenean erraza da zerbait berrirekin publikoa aho zabalik uztea; halaber, ez da zaila izango ikusitako ezusteko hori epe luzerako oroimenean gordetzea. Esparru guztietan gertatzen da: kiroletan (benetan egun ez dagoela Maradona edo Pelé baino futbolari hoberik?), musikan, artean, literaturan, eta abar. Baita, jakina, bideojokoetan ere. Begira bestela retro-analisi honetan aztertuko dugun jokoa, Super Mario 64, alegia. Ona eta itzal handikoa dela, egiazko maisulana? Zalantzarik gabe. Egungo jokalarientzat gomendagarria? Zalantzagarria.
Hiru dimentsioetan iturginak izan zuen lehenengo abentura hau denok ezagutzen dugula suposatuko dugu. Ziurrenik, askok jokatua izango dute; eta 120 izar preziatuak lortu dutenak ere ez dira gutxi izango. Halere, ondorengo ataletan ibili eta gero (Sunshine, Galaxy 1 eta 2), noizbait bueltatzeko ahalegina egin du inork? Esperientzia desastre hutsa ez izanagatik, lehenengo unetik zerbaitek ez duela funtzionatzen argi baino argiago dago. Begietatik sartzen denatik hasita: dena poligonalegia, eta Nintendo 64k gauza hobeak egin zezakeen, baita lehenengo joko horietan ere. Baina hau pellokeria bat da, eta duen garrantzia baino gehiago ez ematea hobe. Jokalari modernoa, ordea, nekez ohituko da kontrol traketsetara, palanka kontrako norabidean jotzean pertsonaia buelta osoa ematen duenean; edota paretetan erreboteak egin nahi eta ezingo duenean. Nibelen diseinua ere ez da beste munduko gauza (gehienak erdian duten estruktura baten inguruan eraikita daude), eginbehar eta eredu batzuk gehiegi errepikatzen dira, eta askotan ez dago oso argi zer egin jarraian.
Akats hauei guztiei, noski, ez zieten erreparatu 1996. urteko jokalariek; eta ia saldutako makina bakoitzetik Super Mario 64ko kopia bat salarazi zuen Nintendok. Hori baino gauza dibertigarriago eta txundigarririk ez zegoela pentsatu genuen askok; eta hain sakona zen utzitako zirrara, non oraindik miresten jarraitzen dugu Shigeru Miyamotoren obra hilezkorra. Are gehiago, Peach printzesaren eskutitza irakurri eta italiarra hobitik ateratzen den bakoitzean ume izatera bueltatzen gara; eta lehenengo egun horretan bezala disfrutatzen dugu, apika.
Alabaina, gauza bera pentsatuko dute Super Mario Galaxy 2 perfektuarekin plataforma jokoak ezagutu dituztenek?
Iruzkinak (4)
Ander Intxaurrondo April 13, 2016, 10:49 a.m.
Duela bi urte inguru jolastu nuen Ocarina of Time jokora lehenengo aldiz. Ez dut inola ere ukatuko jokoa bikaina denik, baina jokatzeko era asko hobetu behar dela iruditzen zait, momentu batzuetan ez nengoen batere eroso. Ez nuen bukatu, eta motibaziorik ez dut berriro jolasteko.
Ta guztiz ados Mario 64rekin. Duela gutxi egon nintzen jolasten berriz ere, eta akats galantak ditu, kamararekin batez ere. Kriston jokoa bada ere, askotan ezin da jakin zer egin behar den izarra lortzeko. Eskerrak fallo hauetako asko ondorengoetan zuzendu dituzten.
Hori bai, Sunshine sutara botako nuke.
Iban Lantxo April 13, 2016, 1:47 p.m.
Ba neu naiz “Sunshine”ren defendatzaile arraro horietako bat… “64”k dituen diseinu akats asko zuzendu zituen eta oso zaila da, Marioren joko batean bilatzen dudana ^_^
Xabier Calvo April 20, 2016, 11:36 p.m.
Ba nire ustez, gauza denetan bezala baloratzen jakin behar da. Gaur egungo jokalaria izanagatik ez du zertan ez baloratu Super Mario 64 modu onean, eta gaur egungo joko asko baino hobea dela pentsatu. Esaten dituzuen arazo teknikoak hor daude, kamararenak, eredu errepikakorrak (Ze jokok ez ditu???), kontrola (ez zait hain txarra iruditzen). Baina, gaur egungo zinezale batentzat Ben-Hur pelikula ona iruditzen al zaio? Akatsez betea dago, efektuak txarrak, gazapoak, aktore batzuen interpretazio maila hala nolakoa... Baina, inork jartzen al du dudatan pelikula hau zinearen historiako maisulan bat den ala ez?
Gauzak egin zirenean egin ziren bezala baloratu behar genituzke.
Eta ni ere Sunshine defendatzen duten horietakoa da! Ez zaidana orokorrean gustatu azken Mario 3D World da, gaur egungo jokoa eta teknikoki, kontrol aldetik, ereduak eta dena onenak izango ditu, baina hutsa dago barrutik...
Iban Lantxo April 22, 2016, 7:34 a.m.
Bat nator zurekin, Xabi. Erabat. Halere, "behi sakratu" hauek desmitifikatu beharko genituzkeela uste dut, eta gauza berriak batzuetan hobeak direla onartu.
"Errepikakorra" dela diodanean Galaxy jokoekin ari naiz 64 hau konparatzen; eta askoz hobeak izanda ("perfektuak" esatera ausartuko nintzateke) ez dut uste jendeak maila berean dituenik.