Super Mario 64

Iragana beti hobea izan dela diote askok, baina badakigu hori askotan ez dela egia. Ezer asmatuta ez dagoenean erraza da zerbait berrirekin publikoa aho zabalik uztea; halaber, ez da zaila izango ikusitako ezusteko hori epe luzerako oroimenean gordetzea. Esparru guztietan gertatzen da: kiroletan (benetan egun ez dagoela Maradona edo Pelé baino futbolari hoberik?), musikan, artean, literaturan, eta abar. Baita, jakina, bideojokoetan ere. Begira bestela retro-analisi honetan aztertuko dugun jokoa, Super Mario 64, alegia. Ona eta itzal handikoa dela, egiazko maisulana? Zalantzarik gabe. Egungo jokalarientzat gomendagarria? Zalantzagarria.

Hiru dimentsioetan iturginak izan zuen lehenengo abentura hau denok ezagutzen dugula suposatuko dugu. Ziurrenik, askok jokatua izango dute; eta 120 izar preziatuak lortu dutenak ere ez dira gutxi izango. Halere, ondorengo ataletan ibili eta gero (SunshineGalaxy 1 eta 2), noizbait bueltatzeko ahalegina egin du inork? Esperientzia desastre hutsa ez izanagatik, lehenengo unetik zerbaitek ez duela funtzionatzen argi baino argiago dago. Begietatik sartzen denatik hasita: dena poligonalegia, eta Nintendo 64k gauza hobeak egin zezakeen, baita lehenengo joko horietan ere. Baina hau pellokeria bat da, eta duen garrantzia baino gehiago ez ematea hobe. Jokalari modernoa, ordea, nekez ohituko da kontrol traketsetara, palanka kontrako norabidean jotzean pertsonaia buelta osoa ematen duenean; edota paretetan erreboteak egin nahi eta ezingo duenean. Nibelen diseinua ere ez da beste munduko gauza (gehienak erdian duten estruktura baten inguruan eraikita daude), eginbehar eta eredu batzuk gehiegi errepikatzen dira, eta askotan ez dago oso argi zer egin jarraian.

Akats hauei guztiei, noski, ez zieten erreparatu 1996. urteko jokalariek; eta ia saldutako makina bakoitzetik Super Mario 64ko kopia bat salarazi zuen Nintendok. Hori baino gauza dibertigarriago eta txundigarririk ez zegoela pentsatu genuen askok; eta hain sakona zen utzitako zirrara, non oraindik miresten jarraitzen dugu Shigeru Miyamotoren obra hilezkorra. Are gehiago, Peach printzesaren eskutitza irakurri eta italiarra hobitik ateratzen den bakoitzean ume izatera bueltatzen gara; eta lehenengo egun horretan bezala disfrutatzen dugu, apika.

Alabaina, gauza bera pentsatuko dute Super Mario Galaxy 2 perfektuarekin plataforma jokoak ezagutu dituztenek?