Sonic Mania abuztuaren 15ean jarri zen salgai kontsoletarako eta abuztuaren 29an PCrako. Joko honek 16 bitetako Sonic trikuaren jokoen estilo eta mekanika berdinak erabiltzen ditu, nostalgiaren bidez jokalariak 25 urte atzera eramanez, Mega Drive-eko joko bat jolasten egongo bagina bezala.
Trikuaren transizioa 2D-tik 3D-tara kriston buruhaustea izan da Segarentzat. Joko hauek ez dute kalitate aldetik hasierako urteetako jokoen arrakasta lortu kritika aldetik. Formula hobetzeko asmoz, hainbat esperimentu egin dira, batzuk ondo atera dira, baina beste batzuk izugarrizko desastreak izan dira. Hala ere gauza bat argi zegoen: jarraitzaileek garai zaharretako Sonic jokoak nahi zituzten, eta Segak kontutan hartu zuen eskaria.
Garai honetara itzultzeko asmoz, 2D jokoen izpiritua berreskuratzeko, Sonic 4 Episode 1 garatu zuen Segak 2010ean. Jokoa 2D estilokoa zen, gaur egungo grafikoekin, eta garai horretan trikuak zuen diseinuarekin. Jokoa desastre bat izan zen alde guztietatik: faseek ez zuten inongo esploraziorik, musika oso sinplea zen, eta fisikak oso gaizki zebiltzaten. Jokoa episodikoa zen, eta 2012an bigarren zatia atera zuten (Sonic 4 Episode 2), hobekuntzat txiki batzuekin. Baina hobekuntza horiek ez ziren nahikoa izan trikuak merezi zuen kalitatea lortzeko, porrot handia izan zen hau ere eta sekula ez zen hirugarren zatirik atera.
Honen ondoren Segan etsituta egongo ziren, jakinda beraien maskota heriotzara kondenatuta zegoela, baina oraindik itxaropenak bazeuden. 2011an Sonic Generations jokoa jarri zen salgai, bertan bi pertsonaia topatu genitzakeen: Sonic klasikoa, hasierako urteetako estetika eta 2D jokogarritasunarekin, eta Sonic modernoa, gaur egungo estetikarekin eta 3D jokogarritasunarekin. Sonic klasikoa 2.5 dimentsioko ingurunetan ibiltzen zen, baina garai zaharretako jolasteko era berdinarekin, eta honen fisikak nahiko ondo garatuta, nahiz eta garai zaharretakoak berdintzeko gai ez izan. Joko honek harrera aparta izan zuen erabiltzaile eta prentsaren partetik. Sonic 4-ren porrotaren ondoren, eta Generations-en arrakastaren ondoren, argi zegoen jendeak bi dimentsioko Sonic nahi zuela, baina aurretik egindako esperimentuan ez zutela bide zuzena jarraitu. Hori dela eta, zergatik ez beste saiakera bat egin? Hor jaiotzen da Sonic Mania.
Sonic Maniaren kontzeptua Mega Drive-eko jokoen antzeko joko berri bat sortzea da, estilo bisual berdina eta fisika originalak erabiliz. Argazki huts bat ikusiko bagenu, joko zahar bat dela pentsatuko genuke hasiera batean. Sonic bere sustraietara iritsi da. Berez jokoa ez du Segak garatu, trikuaren jarraitzaile batzuek baizik. Hauek arduratu dira jokoaren soinu-bandaz, faseen diseinuetaz, etsaien diseinuetaz, eta elementu berrien inplementazioan. Ia dena da berria edo hobetu da joko honetan: sprite berriak, fondoen hobekuntzat detaile gehiago jarriz, fase berezi berriak, bonus fase bereziak hobetuta,...
Jokoan fase zahar asko topatu ditzakegu: Green Hill, Chemical Plant,... Baita fase berriak ere. Itxura aldetik, fase zaharrak berdinak dirudite hasiera batean, baina metro batzuk ibiltzea besterik ez dago ikusteko fase zahar hauek ez dutela inongo zerikusirik. Hauek goitik behera aldatzen dira bai bideetan, bai diseinuan, eta beren garaian agertu ez ziren hainbat elementu topatu ditzakegu bertan. Green Hill mitikoan adibidez, jokoa hastean, 1991ko fase berdinean gauela dirudi hasieran, baina aurrera egin ahala fasea zeharo desberdina dela ikusten da. Konturatu orduko, atzeko fondoa guztiz desberdina dela ikusten dugu, koba batean egongo bagina bezala. Green Hill-en bigarren zatian berriz, atzekaldean totem erraldoiak ditugu, mendi altua eta urjauziak. Hau ez da guk ezagutu genuen Green Hill.
Fase zahar gehiago daude fase berriak baino. Batazbesteko joko bakoitzeko 2 fase hartu dira. Hasieran pena pixkat ematen du fase berri gutxi egoteak, baina hain desberdinak dira zaharrak originalekiko, azkenean ez zaigula axola. Askotan joko zaharretako hainbat faseren elementuak topatu ditzakegu ez dagokien fasean, eta hauen konbinaketa bikaina da. Horrez gain, fase berriak oso originalak dira, eta oso landuta daude. Hainbeste berrikuntza daude jokoan, eta hainbeste elementu berri, ezin dugula jokatzeari utzi: fasearen bigarren zatia nolakoa den ikusi nahi dugu, ondorengo fasea zein den jakin nahi dugu, eta originalekiko zein desberdinak diren bai lehenengo bai bigarren zatiak. Zirrarazko ziklo batean sartzen gara.
Normala den bezala, aukeratutako faseak ez dira beti gure gustokoak izango, eta guztiz normala da ere pixkat amorratzea lehenengo bi faseak Green Hill eta Chemical Plant badira, Generations-en bezala, baina hauen ondoren hasten da jokoa. Nahiz eta aukeratuak gure gustokoak ez izan bere garaian, oraingoan gustokoak bihurtzeko ziurtasuna dago. Sonic-en nire betiko joko gogokoena Sonic 3 & Knuckles da, 1994an argitaratua bi zatitan, ez dakizue zelako poztasuna eman didan zati bakoitzeko gustokoen nituen faseak berreskuratu izanak. Ziur nago zuek ere poztasun berdina sentitu duzuela aukeratutako beste hainbat fasekin, hauek ikusi bezain laster.
Laburbilduz, joko zaharra ematen du, baina guztiz berria da. Betiko Sonic da, gure haurtzaroak alaitu zituen Sonic berdina. Sonic-en joko zaharren zaleak bazarete, ezin duzue jokoa alde batera utzi; eta trikuaren 3D jokoak nahiago badituzue, ziur nago hau ere gustokoa izango duzuela. Sonic-en 25. urteurrena ospatzeko kriston jokoa da.
Duela gutxi Segak esan zuen trikuaren etorkizuna joko honek jasoko zuen harreran zegoel. Jakinda jarraitzaileen espektatibak bete dituela, kriston kritika onak jaso dituela, eta salmenta aldetik arrakastatsua izan dela, apustu egingo nuke Segak argi duela Sonic-en etorkizuna zein izango den. Ziur nago gure Sonic potolitoa itzuli dela betiko, eta hemendik aurrera honen jokoek 16 biteko joken bidea jarraituko dutela. Sonic berriz ere handia da, iraganean bezala, eta etorkizunean handia izaten jarraituko du. Trikuaren iragana bere geroa da.
Iruzkinak