Irailak bideojokoen estreinaldi interesgarri mordoa dakartza: titulu txiki independenteak nahiz AAA erraldoiak, denetarik ikusiko dugu egunotan.

Oporrak bukatu dira gehienontzat, zoritxarrez. Bideojokozaleek, behintzat, pozteko arrazoi potoloak dituzte datozen egunotan; izan ere, irailean argitalpen handi ugari ikusiko ditugu. Besteak beste, Starfield espazioko RPG desiratua, Mortal Kombat 1en borroka odoltsuak zein hitz onak baino jaso ez dituen Baldur’s Gate 3 ikaragarria estreinatuko dira hilabete honetan.

Aipatutakoak AAA joko handiak dira: zuon arreta erakartzeko aproposenak. Zorionez, indie lanen arloan ere ezusteko interesgarriak jasoko ditugu irailean: Bomb Rush Cyberfunk koloretsua, Gunbrella bizkorra eta Lies of P soulsborne klona merkaturatuko dira. Ezagutu ditzagun guztiak!

 

Bomb Rush Cyberfunk

  • Argitaratze data: 2023-09-01 (PS eta Xbox kontsoletan)
  • Garatzailea: Team Reptile
  • Generoa: Abentura, kirola
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Nintendo Switch

Jet Set Radio beteranoaren zaleen amets guztiak betetzera etorri da Team Reptile independentearen lan berria. Itxaropen handiak jarrita zituzten Bomb Rush Cyberfunkengan, eta antza esperotako maila mantendu dute Lethal League dibertigarriaren sortzaileek. Abuztuan estreinatu zen PCan zein Switchean, eta irailean PlayStation zein Xbox kontsoletan jaso dugu.

Skate taula, irristagailuak, txirrindua eta askoz gehiago hartuta New Amsterdam hiriko bost auzoetako erregean bilakatzeari ekingo diogu. Estetika koloretsua eta dinamikoa erakutsiko ditu, bai, baina adi soinu bandari: Jet Set Radioko Hideki Naganuma musikagilearen abestiak entzungo ditugu.

 

Baldur’s Gate 3

  • Argitaratze data: 2023-09-06 (PS5)
  • Garatzailea: Larian Studios
  • Generoa: CRPG
  • Plataformak: PC, PlayStation 5

Larian Studiosek RPG abentura klasikoetatik klasikoena berreskuratu du: Baldur’s Gate bueltan da, eta inoiz baino ederrago dator. Abuztuan ordenagailuetan estreinatu zen —aurretik sarbide goiztiarrean joka zitekeen—, bai prentsaren, bai jokalarien artean ikaragarrizko balorazioak eskuratua. Bihar bertan PS5eko jokalarien txanda izango dela dirudi.

Txandakako borrokak, abilezia jaurtialdiak, hizketaldiak eta esplorazioa proposatzen dizkigu rolariek ondo ezagutzen duten fantasiazko munduan. Aukerak eta aukerak ikusiko ditugu: gure pertsonaiaren sorkuntzatik hasita ehundaka erabaki hartuko ditugu abentura honetan.

 

Starfield

  • Argitaratze data: 2023-09-06
  • Garatzailea: Bethesda
  • Generoa: Abentura, RPG
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Hemen da azkenik. Denbora luzez esperotako Starfield bihar argitaratuko da ofizialki; halere, askok irailaren 1etik hasita probatzeko aukera eduki dute edizio bereziekin datorren sarbide goiztiarrari esker.

Esploratzeko ehundaka mundu, istorio sakona, borrokak eta espazio ontziak uztartuko ditu Bethesdaren azken lanak. Agindutakoa betetzen badute, 2023ko jokorik bikainenetakoaren aurrean gaude; oraingoz, lehen analisiek kalifikazio apartak eman dizkiote.

Bug aldetik zer moduz portatzen den ikusi beharko dugu, noski: ez da Bethesdaren jokoa pertsonaiak lurretik behera desagertzen ez badira. Euskal Herrian irailaren 6ko 02:00etatik aurrera jokatzen has gaitezke.

 

Gunbrella

  • Argitaratze data: 2023-09-13
  • Garatzailea: Doinksoft/ Devolver Digital
  • Generoa: Akzioa, metroidvania
  • Plataformak: PC, Nintendo Switch

Akzioz betetako metroidvania abentura prestatu dute Gato Roboto sarituaren garatzaileek: Gunbrellan pistolaz hornitutako aterkiaz baliatuko gara sekulako triskantzak eragin eta kokalekuak zeharkatzeko. Titulu iluna izango da, ordea: munstro zitalak eta gune ilunak ikusiko ditugu nonahi.

Proposamenak erakartzen bazaitu, doako demoa proba dezakezu estreinatu aurretik: Steamen zein eShopean aurki daiteke.

 

The Crew Motorfest

  • Argitaratze data: 2023-09-14
  • Garatzailea: Ubisoft
  • Generoa: Lasterketak
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One

Ubisoftekoen The Crew frankiziak hirugarren atala estreinatuko du hilabete honetan. Ohiko mekanikak mantenduko dituzte Motorfestekin, baina Xboxekein Forza Horizon sagara hurbilduko direla esan daiteke: bazter ederrak, auto arruntak zein superkiroletakoak, erronkak eta gehiago biziko ditugu.

600 ibilgailu baino gehiago agindu dituzte frantsesek: Ferrari, Lamborghini, Toyota, Porsche nahiz Hummer markenak gidatzeko aukera edukiko dugu, beste hainbaten artean.

 

Mortal Kombat 1 

  • Argitaratze data: 2023-09-19
  • Garatzailea: NetherRealm Studio/ Warner Bros. Games
  • Generoa: Borroka
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, Xbox Series, Nintendo Switch

“Proba ezazu zure indarra”. Mortal Kombat txapelketa bueltan da, oraingoan aldaketa nabarmenekin. Izan ere, Liu Kang jainko berriak unibertso osoa eraberritu duenez, istorioaren bertsio desberdina ikusiko dugu.

Borrokak, zelan ez, inoizko latzenak izango dira: biolentzia barra-barra ageriko da NetherRealmekoek prestatutako grafiko ikusgarriekin. Kameo borrokalariak dira MK1eko berritasunetako bat: laguntzaile rola beteko duten pertsonaia bereziak ditugu.

 

Lies of P 

  • Argitaratze data: 2023-09-19
  • Garatzailea: Neowiz
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One

Neowiz talde korearrak FromSoftware-n Dark Souls eta Bloodborne ezagunak gogora ekartzen duten titulua prestatu dute Lies of Prekin. Protagonistan eta girotzean daude ezusteko handienak: Pinotxo izango da ardatz nagusia, eta gezurrez betetako munduari aurre egin beharko diogu.

Bidean panpina beldurgarriak garaitzen ariko gara; horiek garaitzeko armategi zabala eskuratuko dugu, baina, zelan ez, borrokak uste baino zailagoak izango dira.

 

Payday 3

  • Argitaratze data: 2023-09-21
  • Garatzailea: Starbreeze Studios
  • Generoa: Tiro jokoa
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, Xbox Series

Shooter kooperatibo ezagunenetakoaren hirugarren atalean ere ibili ahalko gara datozen egunotan. Payday 3rekin aurreko tituluetan egindakoa hobetu zein handitu gura dute Starbreezekoek: tiroketak izango dira nagusi, baina benetako helburua lapurretetan dago.

Planifikatzeak ezinbestekoak izango dira altxorrak eskuratzeko. Denak okerrera egiten duenean, ordea, pistolak eta rifleak atera beharko ditugu.

 

Cyberpunk: Phantom Liberty

  • Argitaratze data: 2023-09-26
  • Garatzailea: CD Projekt RED
  • Generoa: Abentura, RPG
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, Xbox Series

Cyberpunk 2077 berpizteko asmoarekin datoz CD Projekteko poloniarrak. Horretarako Phantom Libertyz baliatuko dira: RPG futuristaren lehen espantsio handia dugu.

Dogtown deitutako hiri berrian barneratuko gara pertsonaia, misio eta erronka berriak ezagutzeko. Abilezien eta armen aldetik ere berritasunak jasoko ditugu, noski baietz. Gainera, 2.0 adabakiak akatsak zuzendu nahiz auto gaineko tiroketak inplementatuko ditu, besteak beste.

 

EA Sports FC 24

  • Argitaratze data: 2023-09-29
  • Garatzailea: EA
  • Generoa: Kirola
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Nintendo Switch

FIFAri agur esanda, Electronic Arts-ek ibilbide berriari ekingo dio futbolaren munduan EA Sports FC frankiziarekin. Ez dugu berritasun handirik ikusiko azken FIFA jokoetan ibili bagara, hori bai: motor grafikoa mantenduta, antzekotasun handiak izango dira nagusi.

9.000 futbol jokalari, 700 talde, 100 futbol zelai eta 30 liga agindu dituzte garatzaileek. Bukatzeko, Ultimate Team eta Career modalitate ezagunak ikusiko ditugu berriro.