Soulslike mekanikak biltzen dituen mundu erdi irekiko abentura prestatzen ari da Rogue Factor. PC, PS5 nahiz Xbox Series gailuetara dator.
Hell is Us interesgarriak kaleratze data zehaztu du State of Play-ean: irailaren 4an estreinatuko da.
Rogue Factor —Mordheim edo Necromunda lanen sortzaileak— taldearen obra berriak soulslike jokoak Death Stranding-en estetikarekin elkartzen dituela esan daiteke. Erdi irekitako mundua esploratuko dugu hirugarren pertsonan soldaduen nahiz naturaz gaindiko izakien aurka borrokatuz.
Deus Ex Human Revolution bikainaren sormen zuzendari Jonathan Jacques-Belletête arduratu da Hell is Usen mundu misteriotsua sortzeaz. Mapa inolako laguntzarik edo gidarik gabe zeharkatu beharko dugu: “gure aurkikuntzak gureak bakarrik” direla diote egileek. Jokalariak abenturan euren kabuz murgiltzea bilatzen dutenez, ez dugu mapako zein misioen ikurrik ikusiko joko osoan.
Borroketan ezpatak, aizkorak edo lantzak erabiliko ditugu, besteak beste, nahiz eta mundu modernoan girotuta dagoen. Narratiba sakona agintzen dute, gainera, misterioz eta sekretuz betea.
Proposamen interesgarria, atal grafiko apartarekin, gainera. Egungo belaunaldiko gailuetan ikusiko dugu Hell is Us: PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan argitaratuko da, esan bezala, irailaren 4an.
Iruzkinak