Main Loop Videogames bilbotarraren beat ‘em up abentura PlayStation kontsoletan nahiz PC-an estreinatu zen maiatzean.

PlayStation Talents egitasmoaren babespean garatutako proiektuak ez dira soilik Sony-ren kontsoletan kaleratzen. Orain gutxi ikusi zen horixe bera Steam-en estreinatu berri den The Five Covens-ekin; gauza bera gertatu zen Bilboko Main Loop garatzailearen Itadaki Smashekin: ordenagailuetan merkaturatu zuten. Orain, baina, plataforma berri batera helduko dela baieztatu dute: Switch kontsola hibridoan jokatu ahalko da Itadaki Smashera datorren urtean.

Xehetasun handirik eman gabe egin dute iragarpena bilbotarrek. Selecta Play argitaletxearekin elkartu dira jokoa Nintendoren gailura eramateko; datozen hilabeteetan are informazio gehiago eskainiko dutela ziurtatu dute, baina momentuz hori da adierazi duten bakarra.

Katsu, Naru, Tako eta Mayo protagonisten kontrola hartuta San Daigo hiriko kaleak zeharkatzeari ekingo diote jokalariek beat ‘em up bizi eta dibertigarri honetan. Generoko ohiko mekanikak biltzen ditu bilbotarren jokoak: kolpeak, magiak, janaria, minijokoak eta etsai nagusiak ikus daitezke bertan.

Esan bezala, Itadaki Smash PlayStation 5, PlayStation 4 zein PC plataformetan eskuratu daiteke maiatzetik. Guztiz euskaratuta estreinatu zuten Main Loopekoek beren jokoa; hori ospatzeko, bideoanalisi sakona eskaini genion Game Erauntsiatik akziozko obrari:

Ez da Main Loopekoek euskaraz kaleratutako joko bakarra: Submersed beldurrezko abendura modu horretara merkaturatu zuten 2019an PS4an eta PCan. Gauza bera gertatzen da PlayStation Talentsen baitan sortutako beste hainbat jokorekin: aurretik aipatutako The Five Covens euskaraz joka daiteke, baita Dynasty FeudWaves Out edota joan den astean estreinatutako Nuclear Corps ere.

Game Erauntsiak guzti hauek eta askoz gehiago biltzen ditu bere euskarazko bideo-jokoen zerrendan.