Bildutako dirua UNRWA agentziari bideratuko zaio egun Palestinak pairatzen duen krisiak eragindako ondorioei aurre egiteko asmoarekin.

Nazioarteko indie garatzaileak eta Itch.io saltokia palestinarren alde egiteko batu dira bundle benetan berezi bat eratzeko. Palestinak bizi duen gerrak eragindako ondorioekin laguntzeko helburuarekin, 1.000 obra baino gehiago biltzen dituen jokoen bilduma eros daiteke bihar arte.

Indie bundle for Palestinian Aid deituta, bildutako diru guztia UNRWA agentziari bideratuko zaiola adierazi dute arduradunek. Agentzia hau dagoeneko milioi bat palestinar ingururi janaria eskaintzeaz arduratu da, baita buru zein gorputz osasun-laguntza emateaz ere.

Kanpaina 500.000 dolar biltzeko asmoarekin hasi bazuten ere, diru kopuru hori egun gutxitan gainditu eta dagoeneko 1.000.000 dolar biltzeko helburua jarri dute Itch.iokoek: albistea idazterako unean 562.173 dolar batu dituzte. Lagundu nahi duenak nahi beste diru eskaini dezake, baina bilduma eskuratzeko jarri beharreko gutxienekoa 5 dolar dira.

Arduradunek Rasheed Abueideh garatzaile palestinarraren kasua nabarmendu nahi izan dute ekimen honen bitartez. Abueidehk Gazako haur baten istorioa kontatzen duen Liyla and the Shadows of War bideo-jokoa argitaratu zuen palestinarra izateak ekarritako oztopo guztiei aurre eginez.

Horrela, laguntza eskaintzeaz gain Nuclear Throne, Pikuniku, Minit edota Hacknet bezalako bideo-joko indien bilduma erraldoia eskuratu daiteke; horien artean aurkitzen da aipatutako Liyla and the Shadows of War. Bideo-joko guztiak itch.ioren webgunetik zuzenean deskargatu eta instalatzekoak dira, inolako DRMrik gabe.