Aspaldiko eztabaida da gurean jabetza intelektualarena. Mila eta bat lizentzia (Copyright, copyleft...) ezagutzen ditugu gure sorkuntzaren jabetza noraino iristen den arautzen dutenak. Ideia bat, produktu bat, bideojoko bat... ordea, noraino izan daiteke sortzailearen jabegoarena?
Behin produktu bat erosten dugunean orduan, ez al da gurea? Ba al dugu hura egokitu, hobetu, konpondu etab. egiteko aukera?
Bideojokoen arlora ekarrita, bideojoko bat, kontsola bat erosten dugunean norena da? Lehengo CD-DVD bat erosten zenuenean argi zegoen gutxienez, produktu fisikoa (kaxa eta barruan uki zenezakeen guztia) zurea zela. Nahi zenuena egiteko eskubidea zenuen. Baita erosi bezain pronto erdibitzeko ere, nahi izan eran. Eta kontsolekin ere bai! Hara, ez... txikitu bai, baina ireki eta tripak aldatuz gero "pirata" zara.
Eta softwarea? Zer gertatzen da CD-DVD edota kontsola horren barruan dagoen softwarearekin? Hori ez al dugu erosten? Ez al genuke hori ere nahi adina tuneatzeko eskubiderik... Kontua gehiago katramilatzen da Steam bezalako plataformetan... hor zer erosten dugun edo zeren gain dugun eskubidea lausoagoa da (softwarea bakarrik erosten baitugu). Steameko liburutegia gu bizi garen bitartean mantenduko ote duten... auskalo! Norbaitek baldintzak balekizki estimatuko nioke azalpentxoa.
Apple-en produktuen gama ere oso deigarria da alde horretatik. Hardwarea bera ere gainontzeko gailuen estandarretatik desberdina ateratzen baitute erosleak beraienganako dependentzia gehiago izan dezan. Galdera asko eta eztabaidarako izugarrizko gerra eremua da lagunok.
Pirateria gora eta behera, ideiak lapurtzea... hil arte errepikatu eta eztabaidatuko genituzke. Orain dela gutxi ordea Wired agerkari digitalean "Ez diezaiogun utzi John Deereki jabetza beraren ideia suntsitzen" artikulua irakurri berri dut eta zer pentsatua eman dit "N"garren aldiz. Hemen uzten dizuet "Eztabaida infinitoa" ahalbidetzen duen artikuluaren zati bat euskaratuta. Kasu honetan nekazaritza arloan zentratzen da.
Softwarea gero eta gailu eta ibilgailu gehiagotara zabaltzen doan heinean, horrelako kasu deigarri gehiago agertuko dira. Hori seguru. Irakurri bada kasu kurioso hau eta gero zuek atera ondorioak.
Ofiziala da: John Deere eta General Motorsek tripak atera nahi dizkie jabetzaren ideiari. Nola ez, haien ibilgailuengatik ordaintzen dugu. Baina ez gara hauen jabe. Ez behitzat beraien abokatuen arabera.
Engainu erakustaldi korporatibo bereziki ikusgarri batean, John Deerek (munduko nekazaritza makinaria egilerik handienak) Copyright bulegoari esan dio nekazariak ez direla beraien traktoreen jabe. Izan ere, traktore modernoen DNA barnean dagoen kode informatikoa dela eta, nekazariek "ibilgailuan lan egiteko bizi osorako lizentzia inplizitu bat" jasotzen omen dute.
John Deereken traktorea da lagunok. Zu gidatzen besterik ez zara ari.
Berriki, hainbat fabrikatzailek Digital Millennium Copyright Act kontsultak aurkeztu dituzte Copyright bulegoetara. DMCA, 1998. urteko copyright lege handi bat da (besteak beste) non, software eta hardware arteko lerro lausoa arautzen duen. Copyright bulegoak beraz, kontsulta hauek irakurri eta entzun ostean, uztailean erabaki beharko du teknologia altuko zein gailu aldatu, hackeatu eta konpondu ditzakegun (eta erabaki baita ea John Deereken jabetza ikuspegi bihurria errealitate bihurtu ala ez).
Iturri originala: http://www.wired.com/2015/04/dmca-ownership-john-deere/
Baina honez gero oso ezagunak zaizkizuen hainbat mugimendu ere badaude zorionez, bai software librearekin eta baita hardware librearekin lotuta ere. Bi mugimendu hauek guda hori ekidin nahi dute eta jakintza gizartearen esku jartzen dute. Amaierako produktuak moldagarriak eta nahi adina kopiatu eta erabilgarriak izaten dira baldintza sinple batzuen pean (lizentzia motaren arabera). Produktua atera eta errentagarritasuna lortzeko ere bide desberdinak daude. Software librea izateak ez baitu esan nahi doakoa denik. Eta orokorrean, software librearen inguruko hainbat zerbitzu eskeintzeagatik ateratzen da etekin ekonomikoa.
Software librean eginiko joko piloa aurki daitezke sarean, bilaketa sinple bat egitea nahikoa da. Horra hor baita Linuxean oinarrituta dauden Sistema Eragile ezagun asko ere (Ubuntu, Red Hat, Suse...) hauek ere askeak. Hardware librean eginiko proiektu bat aipatzearren Arduino bururatzen zait.
Gainera, azkena aipaturiko bi mugimendu hauei esker ditugu hainbat eta hainbat programa euskaratuta (berauek aldatzea galerazten duen copyright lizentziarik ez baitago). Begira librezale.org-en zenbat dauden. Software librean garatutako eta euskaraz dauden jokoak ere badaude noski, naiz eta horren ugariak ez izan.
Ez dago esan beharrik borroka honetan ni zer aldetan nagoen, baina zu? Zer iritzitakoa zara? Norarte iristeko gai izango gara guda honetan?
Iruzkinak