IOI Showcase aurkezpena antolatu dute. 2022 bukaeran iragarri zuten espioi ezagunaren jokoa prestatzen dabiltzala.

IO Interactivek 007 espioiaren joko berriaren izenburua eta aurkezpen data zehaztu ditu. James Bond 007: First Light larunbatean ikusiko dugu lehen aldiz.

Emanaldi bereziarekin proposatu digute jokagarritasunaren iragarpena. IOI Showcase aurkezpena larunbatean 03:00etatik aurrera jarraitu ahalko dugu, Summer Game Fest eta Day of the Devs zuzenekoak bukatu ondoren —hemen duzue udako aurkezpenen egitaraua—.

Lehen irudia ere utzi digute, nahiz eta protagonistaren silueta baino ez den: itxura batean, ez du orain arteko James Bond aktoreen aurpegirik edukiko. 00 agentearen estatusa lortzeko bidaia azalduko zaigula diote prentsa oharrean: hasiera istorioa dugu, hortaz, “Bond istorio guztiz originalarekin”.

Hitman sagaren arduradunek 2022ko abenduan iragarri zuten James Bonden jokoa garatzen dabiltzala. Ordutik hona ez dugu askorik entzun bere inguruan; are gehiago, ez dakigu zer nolako titulua izango den. 47 agentearen antzeko premisa espero da, halere: askatasun handia eskaintzen diguten espioitza eta hilketa misioak gainditzea, alegia, oraingoan, 007 agentearen ohiko estilo ikusgarriagoarekin.

Urte mordoa daramagu James Bond bideojokoetan ikusi gabe. Azken titulua 2012ko 007 Legends dugu: film desberdinetako misioak biltzen zituen tiro jokoa. Espioia bideojokozaleek benetan maite dituzten lanetako protagonista izan da; adibidez, GoldenEye zein NightFire zoragarriena.

IOI Showcasean First Light baino gehiago erakutsiko digutela aurreratu dute: Hitman World of Assassination-en berritasunak aurkeztuko dituzte IOIkoek, sagaren 25. urteurrena beteko dela aprobetxatuta. Bestalde, ekainaren 10ean merkaturatuko duten MindsEye interesgarria ere egongo da zuzenekoan.

James Bond 007: First Light larunbatean aurkeztuko da ofizialki IOI Showcase aurkezpenean.