80ko eta 90eko hamarkadetan jaiotako bideo-jokozaleak ondo oroitzen gara arkade aretoetaz. Ohikoena tabernetan arkade makina bakarrarekin topo egitea izaten zen arren, gaur egun aurkitzeko benetan zailak diren bideo-jokoei esklusiboki eskainitako lekuak ere bazeuden. Garaiko jokoen makinek osatutako ilarak eta ilarak apaintzen zituzten areto hauek, eta denetarik aurkitu genezakeen bertan: makina zaharkitu eta generikoetatik hasita, jokoarentzako propio sortutako altzariak ere ikusten ziren hauetan.

Euskal Herriko herri zein hirietan sakabanatuta zeuden gune horiek ahaztezinak dira, eta kasu askotan bideo-jokoak maitatzera iristeko ondorio zuzena izan dira. Metal Slug, Cadillacs & Dinosaurs, Super Pang, Sunset Riders, Puzzle Bobble, King of Fighters, Captain Commando… Genero eta mota guztietako jokoak ezagutu genituen bertan. Etxean kontsolarik ez zutenentzat bideo-jokoen mundura sartzeko aukera bikaina ziren; SNES, Megadrive edota Game Boy bat zuten horientzat, berriz, beste modu bateko jokoak ezagutzeko bidea ziren askotan.

Nostalgia hutsarekin gogoratzen ditugun arren, errealitatea ez zen horren ederra: orokorrean zoko ilun eta zikinak izaten ziren areto hauek. Herriko edo auzoko ganberroak ibili ohi ziren bertatik erretzen ibiltzeko ezkutuko leku baten bila, eta beraz tabakoaren kea zein usaina bidelagunak ziren Super Sidekicksera edota World Rally Championshipera jokatzerakoan. Ohikoa zen makinetako botoia erreta edo hautsez beteta aurkitzea, eta beti zegoen ogerleko bat ordaindutako partida izorratzera zetorren aditua Bloody Roarren edota Time Crisis 2ko pistolak hartzen zituenari bultzadaka eragozten ziona.

Durangon aurki dezakegu antzinako garaietako gotorlekutxo bat.

Gaur egun giro hau aurkitzea ia ezinezkoa da gure herrietan. Agian bola-joko areto handietako zokoren batean arkade makinaren bat edo beste aurkitu daiteke, baina hori alde batera utzita zorte hutsa da arkade areto batekin topo egitea. Nik neuk etxetik hurbil ezagutzen dudan bakarra Durangoko Tabira aretoa da: kasu honetan denboran atzera egiten duzu atetik sartzen zaren unean. Gozoki denda arkade makinekin batera dago bertan, eta antzinako klasiko guztiak batuta dituzte: Penguin Brothers, Thunder Hoop, Bubble Bobble eta askoz gehiago daude bertan, huts egin gabe geratu ezin diren pinball eta futbolinekin batera. Nabarmentzeko beste kokaleku bat da Tuterako Mikado Game Center ikaragarria: areto berezi honek denetarik dauka bertan, Blood Brosetik hasita F-Zero AXeko altzarietara heldu arte.

 

Pong, Space Invaders eta Donkey Kong

Garai haiek berpiztea zaila da guretzat, baina ez da gauza berbera gertatzen munduaren beste alderdian. Zehazki, Japonian: eguzkia jaiotzen den herrialdean arkade aretoak ikusi gabe geratzea da zaila suertatzen dena. 1973. urtean iritsi ziren lehen arkade makinak Japoniara. Ameriketako Estatu Batuetan garatutako Pong arrakastatsuaren klonekin ikusi zituzten bertakoek lehen kabineteak: gaur egun oraindik bideo-jokoen industrian murgilduta jarraitzen duten Taito eta Sega enpresek Elepong eta Pong Tron deitutako lanak kaleratu zituzten, hurrenez hurren, garai hartan amerikarren arrakastarekin jarraitzeko.

Ez zuten denbora askorik behar izan atsedenik hartu gabe arkade jokoak garatzen jarraitzeko: urtebete igarota dagoeneko AEBetara bideo-joko propioak esportatzen zebiltzan enpresa japoniarrak. Lau urte igarota industriak sekulako iraultza jasan zuen: Taitok bideo-jokoak betirako aldatuko zituen Space Invaders kaleratu zuen 1978an.

Horrenbesterako arrakasta izan zuen jokoak, kafetegi guztiek nahi zituztela Taitoren mahai formako kabineteak. Invader House bezala ezagutzen ziren kabinete hauekin betetako establezimenduak. Ez hori bakarrik: 100 yeneko txanponen eskasia nagusitu zen, hainbestek jokatzen zuten-eta arkade honetara; gobernuak balio honetako txanpon gehiago egiteari ekin behar izan zion halabeharrez.

Gaur egun enpresaren ikurretako bat izaten jarraitzen du, eta Japonia osoan aurkitu daitezkeen Game Taito Station arkade aretoen kanpoaldean ikus daitezke Toshihiro Nishikado garatzaileak sortutako martetar pixelatuak.

Pac-Man edota Galaxian moduko bideo-jokoen historia liburuetan nabarmentzen diren hainbat obra jaio ziren aro honetan. Nintendok ere jokoetako hastapenak arkade makinetan egin zituen: Gunpei Yokoik Game & Watch kontsola eramangarria 1980an sortu ondoren, Shigeru Miyamoto gazte batek Donkey Kong (eta Mario) eratu zuen urtebete ondoren, berehalako arrakasta lortuta. Mahaigaineko kontsolak pixkanaka merkatuan sartzen hasita bideo-jokoak gero eta gehiago ikusten ziren japoniarren etxeetan, baina horrek ez zuen suposatu arkade aretoen desagerpena: guztiz kontrakoa, jendeak bideo-jokoetara aritzeko bereziki pentsatutako guneak nahi zituen, eskolatik edota lanetik deskonektatu eta lagun zein ezezagunekin aisirako tartetxo bat hartzeko lanaldi gogorren ostean.

 

Aretoak, solairuak, eraikinak

Lau hamarkada igaro dira ordutik hona, eta munduak aldaketa sakonak jasan dituen arren badira ezer gutxi aldatu diren gauzak ere. Arkade areto txikiak Japonian eraldatu egin ziren, eta urteak igaro ahala enpresa handiak areto propioak zabaltzen hasi ziren. Horien artean batez ere arkade jokoen sortzaile handienak ikus daitezke: SEGAren eraikin gorriek edonoren arreta erakartzea lortzen dute, baina bideo-jokozalea bazara Sonicen jabearen logoa izango da benetan nabarmena zuretzat eraikin horietan. Taitok, esan bezala, martetarrak ditu eraikinen aurrealdean jarraitzaileak erakartzeko bide bezala. Round1 bezalako aretoak ere badaude, bideo-jokoekin batera era guztietako aisirako ekintzak proposatuta.

Kabukichon arkade aretoak dira nagusi (beste hainbat gauzen artean).

Ohartuko zinenez, dagoeneko ez gabiltza areto arruntei buruz hitz egiten, ez: eraikin osoak aipatu ditugu. Japoniarren arkadeak gela txiki eta ilunetatik harago doaz, eta bideo-jokoz jositako eraikinak hartzen dituzte herrialde osoan. Normalean pisu bakoitzean genero zehatz bateko bideo-jokoak aurkituko ditugu.

Ohikoa izaten da beheko solairuan UFO Catcher edo garabiaren jokoak soilik aurkitzea, formatu desberdinetan. Ilarak eta ilarak. Manganime eta bideo-jokoetako pertsonaien figurak izaten dituzte gehienek, eta dozenaka Son Goku, Luffy eta Naruto desberdin ikusi daitezke. Hala ere tresna elektronikoak, gozokiak eta bestelako bitxikeriak ere lortu daitezke joko hauetan. Partida bakoitzak 100 yen balio ditu… baina zorte on benetan desiratzen duzun figuratxo hori eskuratzeko obsesioarekin bazabiltza. Nik neuk ez nuen deus lortu behintzat.

Lehenengo pisutik gora, baina, bideo-jokoen festa hasten da. Tiro jokoak, borroka, lasterketenak, erritmo, musika zein dantza jokoak… esan bezala pisu bakoitza genero zehatz bati zuzenduta egon ohi da. Joko modernoenak ikusten ohi diren arren denetarik aurkitzea izaten da normalena. 2019. urteko udan aretoetatik igaro nintzenean Mario Kart Arcade GP DX, Taiko no Tatsujin: Green Version edota House of the Dead: Scarlet Dawn moduko arkadeak ikusi nituen bertan; gure inguruan aurkitu daitezkeen bola-joko aretoetan eta antzekoetan ikusten direnak, berritasunak kanpo.

 

Guztiontzako joko eta generoak

Baina nola ez, Japoniari buruz hitz egiten ari gara. Horrek zoratzeko makinak ikustea suposatzen du. Esate baterako, ikaragarria egin zitzaidan Dragoi Bolaren karta jokoak zeukan arrakasta. Hainbat bertsio desberdin izan ditu Dragon Ball Heroesek, eta horietako batzuk nazioartean zabaldu dira 3DS kontsolarako jokoekin. Bertan izan nintzenean Super Dragon Ball Heroes: Universe Missionen kabinete mordoa ikusten ziren aretoetan. Kromo fisikoak erosita jokatu behar den jokoa da: Konamiren Yu-Gi-Oh manganimean egin antzeran kartak kabinetearen beheko pantaila gainean jarri eta horietako pertsonaiak hiru dimentsioetan ikusiko ditugu joko barruan txandakako borroketan parte hartzen.

Jende pila zebilen honetara, eta bigarren eskuko dendetan joko honetako kartei zuzendutako atal osoak aurkitu daitezke. Ez dut ahaztuko haur txiki batek Super Saiya Blue guztiekin osatutako kromo distiratsuen bilduma atera zuen unea: karta bakoitzak 50 euro inguru balio zituen, erraz.

Aretoetara sartu eta jarraian ohartzen zinen izugarrizko zarata zegoela orokorrean; Pachinko aretoak aipatzen dira askotan gai honi buruz hitz egiterakoan, baina jokoen aretoek arazo berbera jasaten dute. Belarriko minarekin amaitzea normala da ordutxo bat edo bi ematen badituzu arkade japoniarretan, baina zalantzarik gabe zarata handiena erritmo eta musika jokoen pisuan egoten zen. Dance Dance Revolution, Gitadora, BeatMania eta bestelako frankizien makina zahar zein berriak ikustea da ohikoena. Love Live bezalako erritmo joko sinpleak (baina oso zailak) daude, baina instrumentuak eta guzti dituzten makinak ere ikus daitezke: pianoak, gitarrak, bateriak… eta nola ez, dantza jokoak ere. Japoniarrak buru-belarri sartuta egoten dira horietan, eta sekulako ikuskizuna izaten da.

Harrituta utzi ninduten jokoen artean hipodromo bateko zaldi lasterketen simulagailua egon zen: Star Horse 3. Multijokalari honetan aritzeko zure eserleku propioa daukazu. Eserlekua edo, aginte gunea hobeto esanda. Bertan jokalariek beraien zaldiak kudeatu eta estrategiak antolatzen dituzte. Lasterketak aurrean duten pantaila erraldoi batean ikus daitezke, bakoitzak bere eserlekutik erabakiak hartzen dituen bitartean. Zaldi lasterketen joko zoroak ikusita neuzkan baina horren simulagailu serio eta lortua ikusteak, horrenbeste pertsona jokatzen ari zirela, zur eta lur utzi ninduen.

Borroka jokoek osatu dute betidanik arkade aretoen arima, eta alderdi horretan batez ere aurpegi ezagunak ikusten ohi dira Japonian. Tekken 7, Guilty Gear Xrd, BlazBlue: Central Fiction… genero honen zalea bazara ez duzu ustekabeko handirik aurkituko jokoen eskaintza aldetik, gehienak aspaldi kontsoletan ere argitaratutakoak baitira. Halere, harritzekoa da makina batzuek online jokatzeko aukera eskaintzea: Tekkenen kasuan zure profil propioa gorde eta hori erabilita sarean borrokan aritu daiteke, adibidez.

Normalena ezkutatuta edo azken pisuan egotea izaten da, baina antzinako arkade jokoen txokoa zen, zalantzarik gabe, ilusiorik handiena egiten zidana. Metal Slug guztiak, King of Fighters, Captain Commando, Double Dragon, Ghosts 'n Goblins eta gehiago ikusten jarraitzen da Japoniako aretoetan. Makina berriak frogatzeko desiratzen nengoen arren, ezinezkoa zen klasiko hauetara itzuli gabe geratzea.

Arkadeetan aritzeko eraikin erraldoietara sartu beharra izanik ohikoena, Japonian makina bakartiak ez ditugula ikusiko pentsa daiteke… baina ez da egia: Akihabarako kalezuloetan Street Fighter IIren makina eta guzti aurkitu daiteke, kalean bertan.

 

 

Tokioko auzo ezagun honetara iristerakoan ikusi nuen lehen arkade makina izan zen: ez dago aipatu beharrik zer nolako ilusioa egin zidan halako klasiko bat kalean ikusteak umeak bertan jolasten zebiltzatela. Akihabara da edozein bideo-jokozalek edo mangazalek derrigor bisitatu behar duen lekua; egia da hiri elektronikoa bezala ezagututako auzo hau turistentzako tranpa hutsa dela, eta bertan dauden saltokien antzekoak aurkitu daitezkeela beste auzo eta hirietan. Baina hala ere pekatu hutsa da Japoniara joan eta Akiba bisitatu gabe uztea.

 

Arkadeak baino askoz gehiago

Izan ere, arkade aretoak ez dira soilik bideo-jokoen zaleen arreta erakarriko dutenak. Hauekin batera lehen zein bigarren eskuko saltoki benetan interesgarriak daude frikientzako santutegi honetan. Orokorrean gailu elektronikoei zuzendutako saltokiak izaten dira, baina bideo-jokoak izan ohi dira benetako izarrak. Kale nagusitik zehar ibiltzerakoan The Legend of Zeldaren abesti nagusia entzun eta Retro Game Camp bezalako denda batekin topo egitea izugarria da.

Halakoetan jokoak eta jokoak baino ez ditugu aurkituko: korridore estuetako apalak bideo-jokoz gainezka egoten dira. Kartutxoak soilik ikustea da ohikoena, baina kaxa originalarekin saltzen diren lanak ere eskuratuko ahalko ditugu. Gauza bera gertatzen da kontsolekin: plastikoetan edo kaxatan gordetako ehundaka aparatu daude denda hauen apalategietan.

Belaunaldi guztietako lanak biltzen dituzte: NES, PC Engine, Megadrive, PlayStation, Gamecube, Xbox 360… Bideo-joko zehatz bat nahi baduzu, Akihabara da zure lekua. Merchandisinga ere oparoa da Akihabaran: figurek, panpinek, bitxikeriek eta gehiagok apaintzen dituzte saltokiak. Arkadeetan gertatu modura, ez da harritzekoa izaten saltoki hauek hainbat solairuz osatuta egotea, eta labirinto hutsean bilakatu daitezke aspalditik fitxatuta duzun obra hori aurkitzeko.

Lehen aipatu bezala turistei zuzendutako auzoa da halere, eta hortaz bigarren eskuko produktu garestiak ikustea izango da arruntena, baina eskaintza apartak ere aurki daitezke.

Hard Off, Trader eta Friends Game Shop saltokiak ezagunak egingo zaizkie industria honen jarraitzaileei. Saltokiak askotan ez dira jokoen salmentara soilik mugatzen, baina: Super Potato bezalako dendetan arkade areto txikiak ikusiko dituzte bisitariek, orokorrean SEGA Astro City bezalako antzinako makinetan. Nola ez, partida luzeetarako aulki zaharrak izango dituzte jesartzeko jokalariek, baita berehalako ramena erosteko makinak ere, atsedenik hartu gabe jokatzen jarraitu ahal izateko.

Amets hutsa da Akihabara edota Osakako Den Den Town bezalako guneak bisitatzea bideo-jokozaleentzat. Betidanik argazki eta bideoetan ikusi izan ditugun auzo horiek magiaz beteak jarraitzen dute gaur egun beraien neoizko argiekin eta bideo-jokoen zein manganime iragarki erraldoiekin.

 

Ametsa bukatzear al dago?

Eta halere, koronabirusaren pandemiak gogor jo du mundu berezi hau. 2020tik gune hauek jasotzen duten bisitarien kopurua asko murriztu da halabearrez, eta enpresa handiek aretoak ixteari ekin behar izan dio. SEGAk, adibidez, Akihabaran bertan zuen Sega Building Two eraikin ezaguna itxi zuen pandemia hasitako urteko abuztuan, eta hilabete batzuk beranduago aretoen negozioa utzi egingo zuela iragarri zuten Sonic trikuaren enpresakoek.

Dena ez dira albiste txarrak, eta enpresaren aretoak bereganatu ditu GENDA enpresak. Bere horretan utziko dituela iragarri du gainera, beraz eraikin gorri ezagunek SEGAren logoa edukitzen jarraituko dute momentuz. Guzti hau bukatzerakoan berriz ere areto hauetako solairuak jendez gainezka egotea espero dugu, bideo-jokozaleentzako ondasun garrantzitsua baitira.

Bideo-joko retroak zein antzinako garaietako estetika eta mekanikak mantentzen dituzten joko berriak ikustea gero eta ohikoagoa da kontsolen belaunaldi berrietan. Indie garatzaileek zein enpresa handiek jakin badakite zaleek beste garai haietako obrak faltan botatzen dituztela: bideo-jokoak handituz doazen bitartean, gero eta sakontasun handiagoa izanik, partida azkar eta sinple batzuk botatzeko beharra gero eta argiagoa da, deskonektatzekoa.

Hori ahalbidetzen dute arkade aretoek: ardura eta zalantza guztiak ordu pare batez ahaztu eta bideo-jokoetan murgiltzeko balio duten etxeak izango dira orain eta beti.