Akzio joko honen analisia

Nerabezaroaren atarian nintzenean, urtean bi bideojoko neureganatzeko aukera nuen bakarrik, gurasoek erositakoak, noski. Bata eguberrietan eta bestea urtebetetze egunean. Zer esanik ez dago, jokoa ongi hautatzea ezinbestekoa zela. Hautua tentuz egiteko, hilabetero Nintendo Acción aldizkaria erosten nuen neure asteko ordainsariarekin eta 1999ko eguberrietan estrategia ez zen aldatuko. 

Rare garatzailea bere urrezko aroan zegoen garai hartan eta ni liluratuta ninduten aldizkarietan ikusten nituen pantaila argazkiekin. Nintendok berak garatutako jokoez gain, beste inork ez zion Nintendo 64-ari halako zukua ateratzen. Noski, Rarek egindako joko berrietako bat eskuratu beharra nuen eguberri haietan eta 1999. urtean bi aukera eman zizkidaten: Donkey Kong 64 eta Jet Force Gemini. Azken hontaz ariko naiz oraingoan.

 

Rare, bikaintasunaren bereizgarri

Kartutxoa sartu, kontsola piztu eta Jet Force Geminiren soinu bandak jokalaria agurtzen du aurrena, jokoaren aldartea ezarriz, datorrenaren aitzindari. Jokoko kanta ezberdinek orkestra kalitatea berdindu nahi dute, eta Nintendo 64aren soinu ahalmenek lan hau ezinezko bilakatzen duten arren, ez dut kontsola honetan doitasun maila honetara hainbeste hurbildu den beste jokorik ezagutzen.

Kanta piezek ikustatu daitezkeen mundu ezberdinei giro zehatz bat marrazten diete, bakoitzari izaera ezberdina ezarriz. Aipatzekoa da joko guztian zehar entzuten diren kantak kalitate maila mantentzen dutela, baita aldarte ezberdinak irudikatzen saiatzen direla ere.

Nire pieza atseginetako bat

Soinu efektuak oso garbi entzuten dira, akzio bakoitza soinuagatik bakarrik identifikagarri delarik. Musika eta soinua Dolby Surround-ekin bateragarria da baina ezin izan dut frogatu. Dena den Stereo-an argi eta garbi ezberdintzen dira alboetara, hurbil eta urrutira dauden soinu efektuak.

Atal grafikoa bikaina da. Testura erraldoiak erabiltzen ditu, prozesatu aurretik era ezberdinetara koloreztatuak, argi eta itzal jokoak irudikatzeko. Hauek osatzeko, pertsonaien testuretan argi jokoek eragina daukate eta itzal dinamikoak proiektatzen dituzte. Isla efektuek, partikulek, eztandek eta fisikadun objektuek tiroketa asko ikuskizun paregabea bilakatzen dute, irudi tasaren kalterako. Dena den ez du jostagarritasuna hondatzen, batez ere 90. hamarkadako jokalari honentzat.

Lau aginte eskuragarri izanda, lagunak sofan esertzera gonbidatzeko edukia ere badu. Elkarri tiroka, ontzi lasterketan edo errailetako tiro atal batean nork puntu gehiago lortuko lehiatuz.

Bisitatzen diren eremuen aurkezpenak zirraragarriak dira

Jet Force Gemini zientzia fikzio espazialean oinarritutako, hirugarren pertsonan dagoen, tiro jokoa da. Hiru pertsonai kontrolatzeko aukera ematen du: Junok laba zapaldu dezake, Velak ur azpian igeri egiten du eta Lupus txakurrak planeatzeko gailu bat darama. Abilezia berezi hauek pertsonaiak eduki ezberdinetara bideratzeko bakarrik balio dute. Planeatzea dibertigarria da behintzat.

Hasieran hiru pertsonaiak bildu beharko dira, mundu lineal ezberdinen amaiera bilatu eta Mizar etsaiaren gaztelura iritsi, bera garaitzearren. Norgehiagoka honen ondoren Mizarrek Lur planetarantz ihes egingo du asteroide baten barruan, Lurra bera suntsitu nahi duelarik. Protagonistek gainditutako mundu guztiak eta beste hainbeste berri bisitatu beharko dituzte, asteroidea baino bizkorragoa den espazio ontzi baten piezak bilatzeko.

Une hau jokoaren luzeraren herenean kokatzen da gutxi gora behera. Hemendik aurrera jokalariak objektu asko bilatu beharko ditu jokoa gainditzeko: Pertsonaia bakoitzarekin kolorezko bost giltza, hamalau arma, armentzako munizio kopurua handitzeko hobekuntzak, Tribal izeneko pertsonaiak eta aipatutako espazio ontziaren piezak bilatu behar ditu. Jokoaren amaierara iristeko, hobekuntzak salbu, beste guztia aurkitu behar da, prozesu oso luzea delarik. Dena den, guztietan zailena egin zaidana, dibertimendua aurkitzea izan da.

 

Urruneko espazioa urrez, gerturatu eta lurrez

Arazo asko dauzkat titulu honen jostagarritasunarekin. Lehenik eta behin, abentura munizio eskaseko pistola batekin hastea. Pistola honek 8 tiro jaurti ditzake berotu aurretik eta beste zortzi segundo behar ditu hozteko. Ez da jokoak saltzen duen akzio frenetikoaren definizioa, nire ustez behintzat. Hau gutxi balitz etsaiek tiro dezente jasan ditzakete amore eman aurretik. Hamabost arma ezberdin dauden arren, hiru bakarrik dira erabilgarriak: metrailadorea, suziri jaurtigailu hirukoitza eta shurikena, beste guztiak hiru hauen bertsio kaskarrak besterik ez direlarik. Munizio handitze hobekuntzak bilatu behar direnez, jokoaren lehen herenean ezin dira arma gehienak erabili, haien jabe izanda ere, beraz pistola izango da jokoak une oro erabiltzera behartzen duena.

Gune eta gela ezberdinetako geografia era askotakoa da eta ongi diseinatuta dago, parapeto eta altuera ezberdinekin. Baina guzti honek ez du ezertarako balio ezkutua daukaten etsaien ugaritasunagatik. Ia toki guztietan aurki daitezkeen ezkutudun arerio hauek shurikena ez ezik beste arma guztiak geldiarazten dituzte. Honek, eremu ezberdinetako diseinua pikutara bidaltzen du, txerren hauek garaitzeko era bakarra beraien bizkarraren bila parapetoetatik ateratzeko beharra sortzen dutelako. Shurikena, arazo hau konpontzen duen arma, jokoaren erdialdera lortzen da gainera.

 

Jokoa bere onenean


Planeta ezberdinen artean mugitzeko eta libratzeko geratzen diren Tribal kopurua jakiteko, etenaldi menua ireki eta bertatik nabigatu behar da. Ocarina of Time-ko Uraren Tenpluan burdinazko botak jantzi eta eranztea esperientzia eramangarriagotzat daukat, nola esan. Gainera inon ez da kolorezko giltzen edo Tribal-en kokalekua ageri. Beraz pertsonaia guztiekin behin eta berriz mundu guztiak bisitatzera behartzen du. Askotan pertsonaia bakarra delarik, bere abilezia bereziengatik, mundu jakin batean Tribal horiek aurkitu ditzakeena. Interneten aurkitutako organigrama bat inprimatu behar izan dut lortutako guztia kontatzeko.

Abenturaren hasieran, drone bat konpondu behar da eta honek pertsonaiak lagunduko ditu jokoaren amaiera arte. Bigarren agintearekin tirokatzeko aukera ematen du, gainera. Jokoan aurrera egiteko, drone honekin erloju kontrako proba batzuk osatu beharrekoak dira. Zoritxarrez, hauek neurriz gorako zailtasuna daukate, akats bakarra egiteak erloju proba osoa errepikatzera behartzen duelarik. 

Jokoan zehar buruzagi batzuen aurka ere borrokatuko da hirukote prestua. Aurkezpen zirraragarri baten ondoren, itzel animatutako munstro erraldoiak gure aurka egingo dute haien armategi askotarikoarekin. Zoritxarrez buruzagi hauek garaitzeko era bakarra jo kaxa ñimiño batzuetan, denbora leiho labur batean jotzean datza. Batzuetan arma jakin batekin. Amaierako Mizar nagusia gailentzeko lau orduz saiatu behar izan dut, munizio gabe gelditu izanagatik soilik. Eskerrak gidatutako suziriak erabili behar diren, bestela jokoa gainditzeke edukiko nukeen oraindik.

Guztia ez da txarra izan ordea, gozatzeko ugari dago tituluan zehar. Pertsonaia ezberdinekin munduak errepikatzerakoan gune ezberdinak bisitatzen dira, esplorazioa saritzen delarik. Aipatutako ganorazko hiru arma horietan munizio nahikoa bildutakoan, tiroketetan eragin daitezkeen sarraskiak gogobetegarri aurkitzen ditut guztiz. Dena den munduak errepikatzearen gogaitasunak eta inbentarioaren erabilgarritasun ezak, itzela baina itzelagoa den atal teknikoa zikintzen duela uste dut. Ez naiz damutzen 1999ko eguberrietarako Donkey Kong 64 eskatu izanaz.