Hiroki Totori Sony Group Corporation-eko presidenteak hartuko du bere lekua behin betiko ordezkoa bilatu bitartean.
Jim Ryanek PlayStation utziko du Sonyn ia hiru hamarkadako ibilbidea bete ostean. Enpresa japoniarrak aditzera eman duenez, martxoan utziko du Sony Interactive Entertainmenteko presidente kargua; horrekin batera, antolakuntza berria zehaztu du webgunean.
“30 urteren ostean 2024ko martxoan SIEko kargua uzteko erabakia hartu dut”, adierazi du Ryanek. Edukitako aukerak eskertu dituen arren, zergatia uztartzean dago: “Zoritxarrez, geroz eta zailagoa da Europako bizitzako eta Ipar Amerikako lana bateragarri egitea”. Shuhei Yoshida SIEko aurreko lehendakariari bere laguntza eskertu dio, taldea agurtzearekin batera.
1994an gehitu zen Ryan Sony Interactive Entertainment Europe-ko lan taldera. PlayStation originalaren merkaturatzea Europan koordinatzeaz arduratu zen, besteak beste, garai hartan. SIEEko presidente izendatu zuten 2011n; 2018an, berriz, SIEko presidenteorde bihurtu zen, gaur egungo kargura iritsi arte.
Bideojokoen industrian eragin handia eduki duen albistea izan da Ryanena. Nola ez, enpresa eta estudio desberdinetako arduradunek mezuak idatzi dituzte agurtzeko.
Nabarmentzekoa da Phil Spencer Xbox-eko arduradun nagusiak sare sozialetan zabaldutakoa: “Jim Ryanek sekulako ekarpenak egin dizkio gure industriari, eta PlayStationen buru gogorra izan da. Egiten duen hurrengoan onena opa diot. Eskerrik asko azken 30 urteetan komunitatearengatik egin duzunagatik, Jim”.
Hiroki Totori izango da Ryanen ordezkoa, aldi baterako behintzat. Gaur egungo Sony Group Corporationeko presidenteak bere kargua mantentzen jarraituko du; aldi berean, Ryanek SIEn edukitako lekua hartuko du bitartekotzat apirilaren 1ean.
Iruzkinak