2022an estreinatuko dute PC-an eta kontsoletan. Data East garatzaile japoniarrak 1991. urtean kaleratu zuen jatorrizko abentura.
Microids banatzaile frantsesa era guztietako proiektuetan murgilduta dabil. Asterix eta Obelixen beat ‘em up berria edota Alfred Hitchcock-ek zuzendutako Vertigo filmaren abentura narratiboa prestatzen ari diren bitartean, bideo-joko klasiko batean lan egiten ari direla iragarri dute: Data East garatzaile japoniarraren Joe & Mac: Caveman Ninja arkadea eraberrituko dute.
Mr. Nutz Studio arduratuko da remakea garatzeaz. 1991n iritsi zen arkadeetara jatorrizko akzio eta plataforma abentura. Bi harpetar dira abentura honetako protagonistak: hainbat kokaleku zeharkatu beharko dituzte etsaiak akatuz eta amildegietatik jauzi eginez. Nola ez, maila bakoitzaren bukaeran etsai nagusi erraldoiekin topo egingo dute. T-Rex dinosauroak, landare hilgarriak eta askoz gehiago gainditu beharko dituzte Joe eta Mac harpetarrek.
Argitaratutako bi irudietan ikus daitekeenez, remakeak joko originalaren estilo koloretsua eta dibertigarria mantenduko du.
Arkade bertsioaren remake hutsa izan beharrean, ezaugarri berriak gaineratuko dituztela azpimarratu dute Microidsekoek. Abentura berria aipatzen ditu horien artean, orain arte ikusi gabeko mailekin. “Erabateko konfiantza dugu Mr. Nutz Studioren gaitasunengan”, adierazi du Tosuke Matsuoka G-MODE Corporation-eko Data East lizentzien ekoizleak.
Argitaratze data zehatzik gabe, Joe & Mac: Caveman Ninja 2022rako prest edukitzea aurreikusten dute Microidsekoek. PCrako zein kontsoletarako merkaturatuko dute remakea.
Iruzkinak