Bideo-jokozalea bazara, ziurrenik entzunda izango duzu “cross-play” terminoa; hots, “joko gurutzatua”. Izen horrek zera esan nahi du: joko jakin bateko erabiltzaile guztiek beraien artean jokatu ahal izatea internet bidez, nahiz eta horretarako plataforma ezberdinak erabili. Hau da, erabiltzen duzuna erabiltzen duzula (bideo-kontsola, ordenagailu zein sakeleko telefonoa), zerbitzu jakin horretako gainerako jokalariren partidetan parte hartu ahalko duzula, nahiz eta beste plataformaren bat erabili.
Bideokontsoletan, praktika hori PlayStation 2-ren belaunaldian hasi zen, Final Fantasy XI rol-jokoarekin. Garai hartan, Japonian interneterako azpiegitura gainerako herrialdetan baino askoz garatuago zegoen, eta horri esker SquareSoft-eko ingeniariek ezaugarria inplementatu ahal izan zuten, jokoaren PS2 eta PCrako bertsioetan. 2003. urtea zen, eta garai hartako argitalpen guztiak txundituta geratu ziren. “Etorkizuna hemen da” esan zuten askok, eta batzuek balentriari “sektorearen Grial Santua” kalifikazioa ere eman zioten.
Halere, eta arrazoi ezberdinak zirela medio, iniziatiba ez zen gehiegi garatu belaunaldi horretan, ezta hurrengoan ere. Saiakeraren bat egon zen (PlayStation 3 eta Xbox 360rako Counter-Strike: Global Offensive), baina ez zen oso ongi atera. Valve-ko programatzaileen arabera, “teknologikoki egingarria zen, baina garai hartan Sony eta Microsoft-en edukien gaineko politikak zorrotzegiak ziren, eta oztopo gehiegi topatu genituen nahi genuena gauzatu ahal izateko”.
Gauzak horrela, ematen du orain bai, egungo belaunaldian joko gurutzatuaren garaia heldu dela. Ordenagailu eta kontsolen artean gero eta ohikoa da: Final Fantasy XIV, Rocket League... Izan ere, esan daiteke horretan datzala, hain zuzen ere, Microsoft-en entretenimenduarekin lotutako estrategiaren ardatza (joko eta erosketa gurutzatuak Windows eta Xbox One ekosistemen artean: Killer Instinct, Sea of Thieves, Gears of War 4 eta abar).
Haatik, kontsola ezberdinen arteko partida gurutzatuak hutsaren hurrengoa izan dira... orain oso gutxira arte. Azken hilabeteetan mugimenduak eman dira norabide honetan eta, antza, etorkizun hurbilean badirudi joera hau izango dela. Are gehiago, sistemen arteko berezitasun propioek egiten dituzte panorama gero eta interesgarriagoa eta, akaso, hautatutako plataforma soilik erabiltzailearen gustuek definituko dute: Ordenagailua, sagua eta teklatuarekin? Mahai gaineko bideokontsola, sofan botata eta agintearekin? Edo gailu eramangarria, telefonoa edo Switch kasu? Egun, hainbat jokok eskaintzen dituzte aukera hauek guztiak; adibidez, Minecraft, Fortnite Battle Royale edo aipatutako Rocket League joko arrakastatsuek. Edukitako harrera ezin hobea izan da, xehetasun txiki bat salbu: PC, Xbox eta Switch-en ez bezala, Sony mesfidati agertu da, eta oraindik ez die aukera hori profitatzeko baimena eman bere PlayStation 4-ko erabiltzaileei , “bezeroen interesak” babestu behar dituztelakoan.
Dena dela, ematen du joko gurutzatua gurekin geratzeko ailegatu dela. Ikusteke dago zer plataforma eta zer baldintzekin; alabaina, esan daiteke 2000ko hamarkadako “Grial Santu” horren bidea guztiz balizatuta dagoela jada. Zer? Elkarrekin joango al gara bere bila?
Iruzkinak