Atzo goizean Bilboko Euskararen Etxean elkartu ginen Jokoteknia 2020 aurkezteko. Berritasun nagusia azaroaren 28ko ekitaldia soilik online jarraitu ahal izango dela da. 

Hirugarren aldiz Game Erauntsia Elkartea Azkue Fundazioarekin elkartu gara Jokoteknia jardunaldiak antolatzeko. Bideo-jokoen inguruko hainbat arlori buruz berriro hitz egingo dugu azaroaren 28an guztira lau aditu elkartuz. Aurten, tamalez, publikoa ezingo da Euskararen Etxera bertaratu. Hitzaldiak Bilbon gauzatuko ditugu baina soilik online jarraitu ahal izango dira Azkue Fundazioaren YouTube kanaletik. 

Aurkezpena

Asteazken goizean Euskaren etxean bildu ginen Game Erauntsiko, Azkue Fundazioa eta Bizkaiako Aldundiko ordezkariak hedabideei 2020ko edizioa aurkezteko. Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eremu digitalean kultura eta euskarak dauzkaten erronkak azpimarratu zituen. Ondoren, Iurdana Acasuso, Azkue Fundazioaren zuzendariak, bere instituzioa eta Game Erauntsiaren arteko harreman estua azpimarratu zuen.

Bukatzeko, Maitane Junguitu Game Erauntsiko kidea eta komunikazio arduradunak aurtengo jardunaldiaren nondik-norakoak zehaztu zituen. Bestalde, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia prentsaurrekoaren lekuko izan zen.

Berritasunak

Hasteko, koronabirusa dela eta Jokoteknia 2020 soilik online eskeiniko da. Horrela, publikoaren, gonbidatuen eta antolatzaileen segurtasuna eta osasuna bermatuko da. Hitzaldiak online zabaduko ditugu Azkue Fundazioaren Youtube kanaletik. Seinalea Game Erauntsia Elkartearen Twitch kanalera ere bideratuko da eta honekin laister aurkeztuko dugun #3000Twitz kanpainari hasiera emango diogu.

Horretaz gain, Jokotekniaren hiru edizioetako hitzaldiak testu bihurtuko dira eta lilburuxka batean eskeiniko dira. Hau, Jokoteknian sortutako ezagutza zabaltzeko baliagarria izango da, bideo-jokoetan espezializatutako lehenengo argitalpena izango delarik. Printzipioz PDF moduan Creative Commons lizentziapena zabalduko da dohainik, baina paperezko bertsio bat argitaratzea ez da alderatu.

Egitaraua

Guztira lau hizlari gonbidatu ditugu aurten eta horiekin batera Digipen Europe Bilbao eta Harrobia Ikastolako ikasleekin mahai inguru bat antolatuko dugu. Hizlarien aurkezpenak eta bere hitzaldien laburpenak Jokoteknia.eus webgunean eskuragarri daude. Honakoak dira lau gonbidatuak eta beraien solasaldien izenburuak:

  • Julen Urrutia: Animazioa bideo-jokoetan
  • Itziar Zorrakin: Bideo-jokoen lokalizazioa aztertuz
  • Igor Gaminde: E-jokoak familian. Talde eta norbanakoentzako onurak
  • Laura Santamaria: Catalá i videojocs. Producció i pràctica traductora