Ibai Oihangurenek bideojokoak maite izan ditu betidanik. Halere, ezin izan ditu bere hizkuntzan gozatu urte luzez: titulu ezagunak euskaraz aurkitzea ametsa zen berarentzat. Ametsa betetzeko, baina, hauek itzultzeari ekin zion, eta, gaur egun, euskaratutako bideojoko gehien ekarri dizkigun zalea da.
Nola hasi zinen bideojokoak euskaratzen?
16 urte inguru nituenean webgune bat sortu nuen, eta, web horretarako denetariko edukiak sortzeaz gain, joko pare bat eta aplikazio batzuk itzuli nituen. Gero, urte askoan, software itzulpenarekin jarraitu arren —gehiago edo gutxiago, garaiaren arabera—, jokoak alde batera utzi nituen.
2017-2018 inguruan Paper’s Please jokoa ezagutu, eta, kasualitatez, Lucas Pope egileak itzulpena egiteko eskuragarri jarri zuen tresnarekin topo egin nuen. Jokoa hainbeste gustatu zitzaidan, itzultzeari ekin niola. Dena dela, itzulpena geldialdi askorekin egin nuen, eta ez nuen amaitu 2019 bukaerara arte. Game Erauntsian izan zuen harrera onak bultzatu ninduen joko gehiago itzultzera, eta hor hasi zen ibaios.eus.
Ordutik hona, zer aldatu duzu lokalizazio lanak egiteko prozesuan?
Gauza asko. Itzuli nahi ditudan jokoak bilatzeko unetik beretik hasita. Adibidez, orain, argitaratu gabeko jokoen demoak probatzen saiatzen naiz, garatzaileekin harremanetan lehenago jarri, eta ofizialki itzultzeko aukerak izateko.
Gainera, lehen baino askoz ezagutza handiagoa daukat teknikoki, eta badakit hasieratik nola egiaztatu itzultzeko aukerarik dagoen, nola aurkitu itzuli beharreko testua, eta nola aplikatu itzulpena, batez ere Unity-n egindako jokoetan. Erabiltzaileek itzulpena erraz aplikatzeko instalatzaileak egiten dakit, eta itzulpenak eguneratuta mantentzeko lanak errazteko tresnak garatzen ari naiz. Hasieran ez nion garrantzia handirik ematen horri, baina, itzulpena ez bada mantentzen, egindako lan guztia pikutara joan daiteke, eta, beraz, lan hori ahalik eta errazen egiteko modua izatea funtsezkoa da.
Zeintzuk dira esku artean dituzun proiektuak edo une honetan euskaratu nahiko zenituzkeen jokoak?
Orain dela gutxi amaitu dut azken itzulpena, Death’s Door, eta, horren ostean, geldialdi moduko batean nago. Alde batetik, baditut itzuli nahi ditudan proiektuak, adibidez Nine Sols. Demoa itzuli nuen, eta joko osoa itzuli nahiko nuke. Silksong inoiz kaleratzen bada ere, zalantzarik gabe itzuliko dut. Bestalde, datorren urterako joko baten itzulpen ofiziala hitzartuta daukat. Ez da testu askoko jokoa, baina asko gustatu zaidan joko bat da, eta oso pozik nago garatzaileak baiezkoa eman didalako. Dena dela, oraingoz nahiago dut zein joko den ez esan, badaezpada ere.
Garatzaileekin harremanetan jarri izan zara euskaratze ofizialak proposatzeko. Baikor agertzen dira?
Zoritxarrez, nik orokorrean jaso dudan erantzuna ez da oso ona izan. Tira, egia esan, gehienetan kontua da ez didatela erantzuten. Batzuetan ez dakit nire mezuak heltzen zaizkien ere, nahiz eta bide desberdinetatik saiatu. Badaude salbuespenak, ordea. Adibidez, Lucas Pope: Paper’s Please jokoan ofizialki gehitu zuen euskaratzea, nahiz eta oraingoz Return of the Obra Dinn-ekin ez duen gauza bera egin. Edo Analgesic Productionsekoak, Anodyne jokoaren egileak.
Beste batzuetan, arazoa izaten da berandu iristea, edo argitaletxeak… Kaze and the Wild Masks itzuli nahi izan nuen, eta egileek argitaletxera idazteko esan zidaten: SOEDESCOra. Hainbat arazorengatik, joko horri ezin zioten itzulpenik gehitu, baina oso harrera ona egin zidaten, eta beste jokoak euskaratzeko aukera eman. Owlboy itzulita neukala aipatu nien, baina kasu hartan egileen esku zegoen erabakia, eta ez nuen haien erantzunik jaso. Itzulpen bat ofizialki onartzeko une egokian ate egokia jo behar da, eta hori ez da erraza izaten.
Iruzkinak