Unai Arrugaeta Lehen Hezkuntzako irakaslea da, baina baita bideojokozalea ere. Bideojokoak.info webgunea prestatu zuen unibertsitateko gradu amaierako lanean: bideojokoak modu osasuntsuan erabiltzeko gomendioak eta argibideak biltzen dituen tresna.
Bideojokoak.info webgunea sortu duzu. Zer aurkituko dugu bertan?
Bideojokoak.info irakasleek eta gurasoek lehen hezkuntzan jolasten diren bideojokoen inguruko informazioa jasotzeko sortu dudan baliabide digitala da. Webgunean sei bideojokoren ezaugarriak ematen dira: Brawl Stars, Fortnite, Among Us, FIFA, Roblox eta Minecraft. Bertan bakoitzaren helburua, jokoa barrutik ezagutzeko nik sortutako bideo bat, PEGI sailkapena (edukiak eta deskribapenak) zein informazio gehigarria aurki ditzakegu.
Gainera, webgunearen beste orrialdeetan zehar, bideojokoak erabiltzeko segurtasun aholkuak edo hauek nola mugatzeko pautak aurki daitezke.
Gurasoen eta hezitzaileen aldetik bideojokoenganako ezjakintasuna dagoela uste duzu?
Nire ustez, batez besteko ezagutza maila orokorra ez da oso handia. Normalean, gure inguruan dauden bideojokoen izenak ezagutzen ditugu, baina ez hauen edukiak eta arriskuak. Gainera, gaur egungo guraso asko Nintendo eta PlayStation garaian geratu dira, eta kontsola hauek desberdintasun handiak dauzkate, gaur egungoekin alderatzen baditugu.
Irakaslea zara. Zein da bideojokoen egoera ikastetxeetan?
Bizkaian ikastetxe mordoa dago, eta, Euskal Herrian, are gehiago. Beraz, ezin dugu egoera zehatz bat definitu bideojokoen inguruan. Ez da berdina kostaldeko herri txiki batean dagoen egoera edo Bilbo bezalako hiri batean dagoena. Gainera, hiri handietan ere desberdintasun ugari aurki daitezke bertako errealitateen arabera.
Galdera “ikastetxeetan” izan beharrean, “familietan” izan beharko litzateke, eta, zerbait esan beharko banu, esango nuke bideojokoekiko harremana adin txikietan ematen dela jada, bai mugikorren bidez, bai kontsolen bidez, baita ordenagailuen bidez ere. Pantailak edozein lekutan aurki daitezke, eta, pantailak badaude, bideojokoak ere egongo dira. Gaurko datuek esaten digute ikasleak sarera eskola osteko orduetan konektatzen direla, 16:00-20:00 tartean, hain zuzen ere.
Zein gomendio orokor eman diezaiekezu seme-alaba bideojokozaleak dituztenei?
Bideojokoen munduaren inguruan informatzea, eta haien seme-alabak ulertzea. Baina ez bakarrik bideojokoen inguruan, baizik eta pantailen inguruan ere. Oso erraza da haur bati mugikorra edo kontsola bat ematea, baina ondo ulertu behar dugu horrek dakarrena. Gurasoen kontrolik eta jakintasunik gabe, ematen diegun hori arma batean bihur daiteke.
Bideojokoen erabilera segurua egin behar dugu, eta, nire webgunearekin, gurasoak eta irakasleak horretan lagundu nahi ditut, bideojokoak ulertzen laguntzen duen baliabidea da-eta. Bide luzea daukagu oraindik eta gizarte guztiak hartu behar du parte bidaia honetan. Mila esker!
Iruzkinak