Liburuaren paperezko bertsioa Bizkaiko liburutegietan maileguan hartzeko aukera dago eta bertsio digitala dohainik deskargatu daiteke Jokotekniaren webgunetik.
Azkue Fundazioak eta Game Erauntsia Elkarteak bideojokoei buruzko euskara hutsezko liburua argitaratu berri dugu. Bi antolatzaileok Bilbon prestatzen dugun Jokoteknia, Euskal Bideojokoen Jardunaldien 2018ko, 2019ko eta 2020ko edizioen hitzaldien idatzizko bilduma da.
Deskargatu liburua PDF-an hemen
Deskargatu liburuaren EPUB-a hemen
Azkue Fundazioak Bizkaiko liburutegi publiko guztietara paperezko kopia bat bidali du, bizkaitar guztiek eskura izan dezaten. Bestalde, kopia digitala PDFan eta dohainik deskargatu daiteke esteka honetatik.
Aurkezpena Twitchen
Liburua ekainaren 3an aurkeztuko da, 18:30ean, Game Erauntsiaren Twitch kanalean. Aurkezpena liburuaren editoreak bideratuko du, Maitane Junguituk, eta berarekin batera liburuko kapitulu baten egile bat ere izango da, Itziar Zorrakin, gameplay programatzailea eta itzulpengintza doktoregaia.
Zuzenekoak iraun bitartean liburuaren bi ale zozketatuko dira Twitter bitartez. Zozketan parte hartzeko, Twitterren @azkuefundazioa eta @gamerauntsia jarraitu behar dira eta hauek aipatzen dituen Jokotekniari buruzko txio bat argitaratu.
buruzko komentario bat egin
Hiru urteko lana
Jokoteknia jardunaldiak iraultzaileak dira bideojokoetara euskaraz hurbiltzea ahalbidetzen dutelako. Horregatik, argitaratzaileok ezinbestekotzat jo dugu hainbat urtez egin diren aurkezpenak idatziz biltzea eta zabaltzea.
Guztira hamalau testu batzen ditu liburuak. Gaiak askotarikoak dira, guztiak bideojokoen ingurukoak: besteak beste, euskal bideojokoen historia, ekoizpena, diseinua eta animazioa, itzulpengintza eta lokalizazioa, kontserbazioa eta feminismoa lantzen dira argitalpenean. Autoreen artean nazioarteko enpresa handietan lan egiten duten profesionalak daude, hala nola Euskal Herrian lan egiten dutenak eta kanpoko gonbidatu bereziak, Frantziatik eta Kataluniatik ekarpenak jasota.
Emakumeei ikusgaitasuna emateko
Bideojokoen arloan ere oraindik genero arrakala egonda, esanguratsua da autoreen artean hiru emakume daudela: Jone Zalduegi Urresti Emoki Elkarteko Hezkidetza eta sexualitate arloko arduraduna; Itziar Zorrakin Goikoetxea Gameplay programatzailea eta UPV/EHUko itzulpengintza doktoregaia eta Laura Santamaria Universitat Autònoma de Barcelona-ko ikus-entzunezko itzulpen irakaslea. Gainera, liburuaren editorea Maitane Junguitu Dronda da, komunikazioan doktorea eta Game Erauntsiko kidea.
Deskargatu liburua PDF-an hemen
Deskargatu liburuaren EPUB-a hemen
Jokoteknia V
2022ko Jokoteknia jardunaldien prestaketa martxan dago eta azaroan egitea aurreikusten dugu. Gainera, posible bada, etorkizunean 2021eko eta 2022ko Jokotekniako hitzaldiekin bigarren liburuxka bat argitaratzeko asmoa dugu.
Iruzkinak