Bideojoko giroan oso izen propio gutxi dira ezagun, eta badirenak askotan daude diseinuarekin lotuta (Sid Meier, Cliff Bleszinski, Shigeru Miyamoto). Are ezezagunago dira musikan aritzen diren langileak; obra guztietan berebiziko garrantzia izanagatik, bigarren mailako arduratzat jotzen dugun arloa da. Horrexegatik, hain zuzen, dira horren tristeak artista hauek lehen lerrora ekartzen dituzten albisteak: askotan, heriotzaren bati erreferentzia egiten diotelako. Eta oraingoan, tamalez, Jory K. Prum soinu ingeniariari suertatu zaio.

Prumen izena abentura grafikoekin egon da batik bat lotuta. LucasArts enpresan hainbat jokotan soinu asistente aritu ostean, “Escape from Monkey Island”en izan zuen diseinugilea izateko lehenengo aukera. Ondoren, “Star Wars”en obra andana batean lan egin ostean, konpainia utzi eta sortu zenetik Telltale Games-ek fitxatu zuen. “Bone”, “Sam & Max”, “Back to the Future”, “Tales of Monkey Island” eta “The Walking Dead” abenturen kredituek Prumi egiten diote erreferentzia, tartean industriako hainbat sari jasotzeko aukera eman ziotenak. Arrastoa zineman ere utzi zuen; esaterako, Oscar sariaren irabazleen “Lost in Translation” pelikula eta “For the Birds” film laburrean.

Egindako azkenetako lanak espezializatuta zegoen generoan gauzatu zituen; alegia, Double Fine-ren “Broken Age” eta “Grim Fandango – Remastered” abentura grafikoetan. Tim Schafer bi joko hauen diseinugileak Prumen heriotzaren abisua eman zuen duela bi egun, apirilaren 24ean. Motorrarekin istripu bat izan zuen; 42 urte zituen.

Hona hemen gure omenaldia. Deskantsua hartu eta eskerrik asko, lagun, abentura grafikoen zale guztion partetik.