Joko bitxiak eskaintzen dizkigute normalean That Game Company-ko lagunek: Cloud laino simulatzailea, fl0w organismo unizelular simulatzailea… Ez dira normalean bideojoko dendetako apalean topatzen ditugun lanen antzekoak, eta denek eskaintzen dute zerbait berritzailea, abstraktua eta ederra.
Orain dela gutxi arte, Flower nuen talde amerikarraren maisulan nagusitzat. Joko bikaina da, non hiri ilun bateko lore ezberdinen ametsetan haizea izango garen, belardi erraldoietan zehar petaloak batetik bestera eramanez. Grafikoki duen edertasuna ukaezina da, kolorez beteriko esperientzia oso zaindua baita. PlayStation 3 nahiz PlayStation 4 gailuetarako dago eskuragarri jokoa, bi kasuetan haizea gure mandoa mugituz kontrolatuko dugularik. Esperientzia minimalista da, sinplea guztiz, jokalari hasiberri nahiz esperientziadunentzat egokia. Eta minimalismo horri esker lortzen du jokoak bere edertasuna, hitzik gabeko narratiba hunkitzaile bat duen poema bisuala bilakatzen baita gure aurrean.
Eta orduan heldu zen nire esku artera Journey. Itxaropen handiak nituen Jenova Chen zuzendariaren hurrengo joko honekin, Flower bikainak utziriko oroitzapenen ondorioz. Baina itxaropen erraldoi horiek txiki geratu ziren bat-batean, bideojokoen munduan inoiz izan dudan esperientzia onena eman baitzidan abentura berri honek.
Izenburuak berak dioen bezala, Journey bidaia bat da, desertuan zehar eramango gaituena helburutzat horizontean ikus dezakegun mendi erraldoi baterantz. Oraingoan ere hitzik gabeko narratiba bat dugu esku artean, inolako azalpenik gabe uler baititzakegu gure protagonistaren helburu, motibazio nahiz sentimenduak. Kontrol sinple baina eraginkorrekin mugituko dugu nomada bizitza irudikatzen duen bidaian zehar, abentura minimalista eta aldi berean erraldoi honetan. Gutxitan ikusi izan dugun lorpena du Journey-k: narratiba gameplay-aren bidez kontatzea, bi elementuen arteko disonantziarik gabe.
Inguruneen diseinua ezin hobea da. Forma sinpleen bitartez osatzen da eszenatokia, non kolore eta argiak bikain erabiltzen diren bake sentimendua sorrarazteko jokalariarengan, ingurune eta pertsonaiaren arteko harmoniaren bitartez. Eszenatoki horri lotuta, soinu banda paregabe bat, jokalariaren ekintzak islatzen dituena, Austin Wintory konposatzailearen eskutik. Soinu banda hau Grammy baterako nominatua egon zen, lehen aldiz bideojokoen industrian. Animazioak oso landuta daude, naturaltasun eta sinpletasunean bilatzen dutelarik edertasuna. Baina edertasun hori ez du lortzen elementu bakun hauek guztiengandik, haien konbinazioarengandik baizik. Mekanika, musika, diseinu, narratiba eta abar batzen diren momentuan, sentimenduak transmititzeko tresna bilakatzen da Journey, bideojokoen potentzial guztia agerian uzten duen maisulan batean, alegia.
Bizitzaren aro ezberdinak islaturik daude jokoan zehar. Lehen faseak aurkikuntzaz beterik egongo dira, dena izango da dibertigarria. Ondoren gune itxiak topatuko ditugu, baita jokoan zehar agertuko diren lehen etsaiak ere: heldutasun batera iritsi gara, gure mugak topatu berri ditugu eta kanpo-elementu batzuk zailtasunak izango dira gure egunerokotasunean. Azkenik, mendiaren magalera heldu bezain pronto, ia indarrik gabe egingo dugu aurrera, bidaiaren amaiera gertu sentituko dugularik, horrek dakarren zama fisiko nahiz emozionalarekin.
Abentura oro are hobea da norbaitekin partekatzen badugu, eta Journey ez da salbuespen bat. Hori dela eta, gure bidaian zehar, beste nomadaren bat topatzeko aukera badago, nahiz eta ezingo dugun haiekin komunikatu ahoz edo idatziz, ezingo dugu nor den jakin, edota gure auzoko edo munduaren beste puntako norbait den igarri. Hala ere, gure egoera berdinean dagoen izaki bat izanik, berehala lortuko dugu harekiko enpatia. Une ederrak are ederragoak izango dira besteren baten alboan, eta bidaiako une garratzak, ez hain zailak. Bizitzan gertatzen den bezala, azken finean… Hori baita Jenova Chen-ek bidali nahi digun mezua.
Bidaia honi buruzko mila azalpen eman genitzake, baina bere edertasuna gozatzeko era bakarra dago: bizitzea. Eta une ezin hobea da horretarako, PlayStation Plus zerbitzuaren barne dagoen jokoetako bat izango delako irailean zehar. Dagoeneko jokoa badugunontzat aukera polita da bigarren (edo hirugarren, laugarren… ) buelta bat emateko, bidelagunen bat topatzea nahiko ziurra izango baita orain izango duen jokalari kopuruarekin.
Urik gabeko desertu erraldoi honetan geure burua eta bidelagunak izango baitira oasi bakarrak. Zer gehiago behar dugu ba, bizitza honetan…
Iruzkinak (1)
Beñat March 26, 2024, 8:15 p.m.
Erabat ados Journeyri buruz esandakoarekin. Ea laster Flower hasi eta bukatzeko aukera dudan, bere unean, lehen maila probatu besterik ez bainuen egin (gogoko izan arren).
Eskerrik asko analisiarengatik!