Hobekuntzak izango ditu errendimendu aldetik- Yakuza sagaren spin-off hau PS4an kaleratu zen 2019an.

Apirilaren 23an detektibeak, yakuzak eta drama mordoa batzen dituen Judgment akziozko abentura PlayStation 5, Xbox Series eta Google Stadian kaleratuko duela iragarri du Segak. Birmasterizazio baten bidez iritsiko da 2019ko jokoa plataforma berrietara.

Atal grafikoan zein errendimenduan hobekuntzak agindu dituzte Ryu ga Gotoku estudiokoek. Segundoko 60 irudiko tasarekin batera karga denborak murriztu egingo dituzte birmasterizazioarekin. Gainera, PS4ko jatorrizko bertsioan argitaratutako eduki gehigarri guztiak bilduko ditu bertsio berriak.

Segaren Yakuza bideo-joko saga famatuaren spin-off bat da Judgment. Bertan Kiryu Kazuma eta gainerako mafisioetaz ahaztu eta Takayuki Yagami ikertzaile pribatuaren rola hartuko dute jokalariek. Ryu ga Gotokuren jokoetako ohiko mekanikak izateaz gain detektibe lanak ere egin beharko dira joko honetan. Sagaren jarraitzaileek ongi ezagutzen duten kokalekura bueltatuko dira Judgmenten: Tokioko Kabukicho auzoan oinarritutako Kamurocho izango da berriz benetako protagonista eta ardatza.

PCko bertsioa aipatu gabe geratu dira Sega Europakoak. Azken urteetan behin eta berriz adierazi dute Steamen argitaratutako jokoekin lortutako arrakasta eta bertan lanak kaleratzen jarraitzeko asmoa, beraz ikusteko dago PCkoek Judgment jasoko duten.