Doot garatzaileak 2025eko maiatzaren 28an kaleratu zuen PCan: kakalardoak harrapatzen jarriko gaituen joko koloretsu eta atseginak balorazio apartak eskuratu ditu.
Kabuto Park indie titulua plataforma gehiagotara eramango dute Doot sortzaileak eta Seaven Studio taldeak. Jokoaren lehen urteurrena ospatzeko, Switch —Switch 2an jokatu ahalko da, baita—, Xbox Series eta Xbox One kontsoletako bertsioak iragarri dituzte.
Ostegunean, maiatzaren 28an iritsiko dira gailu berrietara, PCko bertsioaren urtebetetzearekin batera. Obra originala Dootek bakarka garatu bazuen ere, port-ak prestatzeko batu da Seaven Studiokoekin.
Balorazio ikaragarriak bildu dituen obra independente txiki bezain ederra da Kabuto Park. Askok asmatuko zenuten bezalaxe, kakalardoei eta Japoniari lotuta dago, Pokémon kutsu nabarmenarekin: uda berotsuan intsektuak harrapatzea izango da helburua, ondoren, hauekin Summer Beetle Battles Championship txapelketan lehiatzeko.
Hana gaztea eskuz margoztutako ingurune koloretsuetatik gidatuko dugu. Minijoko sinplearen bidez ehizatuko ditugu kakalardoak, ondoren, sumo estiloko borroketan parte hartzeko eta hauek mailaz igotzeko. Irabazterakoan eskuratutako ordainsariekin ekipamendu hobea lortu, eta are intsektu bitxiagoak ehizatzen jarraituko dugu.
Hiru edo lau orduko iraupena dauka, hori bai: egileak argi dio ez dagoela esplorazio elementurik edo multijokalari mekanikarik, horren ordez, abentura motza eta ederra prestatu du. Doot aski trebea da joko atseginak garatzerakoan: bereak dira, baita, Minami Lane ezaguna zein aurten estreinatuko den Milki Delivery interesgarria.
Kabuto Park probatu nahi dutenek demoa eskura dezakete PCrako; bestela, esan bezala, maiatzaren 28an iritsiko da Switch eta Xbox kontsoletara.
Lander Unzueta
Iruzkinak