Orain arte irudien bistarapen eta konponketei buruz jardun dugu artikulu sorta honetan. Hirugarren atal honetan jokoek sortutako irudiak hobetzen saiatuko gara, horretarako hainbat aukera aurreratutan aurrera eta atzera ibiliz. Aurreko ataletan emandako aholkuei esker irudiak behar bezala bistaratzen ikasiko zenuen iada, has gaitezen jokoen benetako edertasuna azaleratzen!
Gehienetan “preset” deiturikoak erabiltzen dira jokoetan, irudien kalitatea aldatzen dutenak, baxutik hasi, eta ultra kalitateraino. Baina azken finean, hauek sakonago dauden aukeren konbinazio ezberdinak besterik ez dira, ikas dezagun beraz nola aldatu guk geuk nahi ditugun emaitzak lortzeko.
Lehenik eta behin, testurei buruz jardungo dugu. Testurak dira jokoetan bistaratzen diren irudiak, harriak harri gisa eta egurra egur gisa ikusarazten dizkigutenak. Hauek hainbat kalitate ezberdinetan ikusarazteko aukera ematen digu testurak aldatzeak, honela irudi ederragoak lortuko ditugularik. Dena den, irudi hauek gero eta konplexuagoak izan, orduan eta denbora gehiago beharko du ordenagailuak frame bakoitza sortzeko, honela fps baxuagoa lortuko dugularik. Gainera, testurak txartel grafikoaren memorian kargatu behar direnez, batzuetan ezin izaten dugu nahi adina kalitateko testura sorta aukeratu. Adibide gisa, Shadow of Mordor jokoetako testura sorta honenarentzat 6 GB bideo memoria behar dira, oso erabiltzaile gutxik dutena. Zoritxarrez, testura sortak aldatzeko askotan jokoa berrabiaraztea beharrezkoa izaten da, eta probak egitea aspergarria bilakatzen da batzuetan. Egin hainbat proba lorturiko kalitate/fps erlazioa egokia izan arte eta jarrai dezagun aurrera!
Dena den testura guztiak uneoro ezin dira osotasunean erakutsi errendimenduan kalterik egin gabe, hori dela eta, urrun dauden testurak lausotu egiten dira, errazago tratatzeko. Testura lauso hauek iragazirik gabe aplikatuz gero, batzuk primeran ikusiko dira eta beste batzuk oso gaizki, bi eremuen arteko lerroa guztiz nabaria izango litzatekeelarik. Horregatik, testura iragaziak (texture filtering) daude jokoen aukeretan. Oinarrizkoena bilinear eta trilinear aukerak badira ere, hauek nahiko eskasak izaten dira askotan. Hori dela eta sortu zen “anisotropic filtering” delakoa, lerro hau ikusezin bilakatuko duen iragazi bat. Aukera honek hainbat maila izan ohi ditu 2x-etik hasi eta 16x-eraino batzuetan, eta nahiz eta berez ez duen eragin handirik izaten fps-ei dagokienez, aukera aurreratuenek eragingo duten galderak ez du merezi izaten.
Bada izen ofiziala ez duen aukera bat, jokotik jokora aldatzen dena. Batzuetan “ingurumen kalitatea” bezala da ezaguna, bestetan “zehaztasun maila” gisa agertzen da… Duen izena duela ere, aukera honek gure inguruan sortuko dituen elementuetan du eragina: zelaietan egongo diren belarrak, landareen hostoen itxura, hirietan airean dabiltzan paper zatiak, eta abar. Gehienetan, aukera honek lortzen den fps kopurua asko murrizten du, baina lortzen diren emaitzak txundigarriak direnez, ahal bezain beste proba egitea gomendatzen dizuet.
Askotan fps-an eragin gehien duten efektuak argiekin zerikusia dutenak dira. Hauxe da itzalen kasua. Hauei gero eta kalitate hobea eman, orduan eta zehatzagoak izango dira itzalak, hau da, sortzen dituen gorputzaren orduan eta islada zehatzago bat izango dira, orban beltz baten ordez. Gainera, joko berrienetan aukera berriak eskaintzen dira nVidia txartelak dituzten jokalarientzat, PCSS deiturikoak, Percentage Closer Soft Shadows alegia. Hauek bizitza errealeko itzalen antzera jokatzen dute, gorputza itzalarengandik gero eta hurbilago egon, orduan eta zorrotzagoak izango baitira, urrun dauden objektuek itzal lausoagoak izango dituztelarik. Aukera hau ahalbidetzeak kalitate asko emango die irudiei, baina gehienetan fps-an eragin handia izan ohi dute.
Isladapenek garrantzi gutxi izango dutela badirudi ere, askotan ezinbestekoak dira irudi errealak lortu nahi badira, ur asko duten jokoetan, esaterako (Assassin’s Creed Black Flag eta Rogue-ren kasua da hau, esaterako). Ezer gutxi esan daiteke aukera honi buruz, egokiena norberak proba egitea da errendimendua asko sakrifikatu gabe irudi kalitate ona lortzeko. Gauza bera gertatzen da urarekin, jokoan jokoko aukerak probatzea baita egin daitekeen gauza bakarra.
Aukera hauei buruz jardutean, beharbada galderarik zailena honakoa da: zer komeni zait gehiago, itxura ala fps altua? Bilduma honen lehen atalean esan nuen nire aburuz 40 fps izan ohi dela nire “minimoa”, baina ez da beti hala. Ez, ez nizuen gezurrik esan, baina jokoak eskaintzen duenaren arabera, nahiago ditut efektu politak joko arin-arina baino. Duela urtebete pasa nintzen PC Gaming-aren mundura, ordurarte PlayStation 3 baten jabe izandakoa naiz (oraindik hortxe dut Uncharted eta Heavy Rain bezalako jokoak direla eta), eta beraz, ohituta nago 720p 30 fps jokoetara. Hori dela eta, batzuetan nahiago izan ohi dut jokoa efektuz bonbardeatu, ingurumen kalitateari dagokionez batez ere, eta jokoa 30 fps-tan erabili. Nolabait esateko, oraindik ez naiz 60 fps-tara “gaizki ohitu”. Dena den, bada jokoaren arintasuna beste ezerren gainetik jartzen duenik ere, eta hura ere iritzi guztiz errespetagarria delakoan nago. Zein da zuen iritzia? Nahiago fps altuak edota irudi ederrak?
Iruzkinak (3)
Xabier Calvo April 8, 2015, 10:19 p.m.
Aupa Xabi, berriz ere oso artikulu interesgarria eginikoa!
Ni ez naiz PC Gamer-a. Joko indie gutxi batzuk jokatu ditut, nire eramangarriak uzten didana justu justu. Hala ere, zer nahiago dudan pentsatzean, uste dut orokorrean FPS minimo bat izatea (35-40 FPS) lehenezten dudala irudi ederren aurretik. Baina beti berdina esaten dut, irudi ederrak eta FPS-ak oso garrantzitsuak dira noski, baina joko dibertigarria izatea nahiago dut beste gauzen aurretik.
Xabi April 9, 2015, 7:31 p.m.
Aupa Xabier! Gehienetan bezala, garrantzitsuena jokoa bera da, eskaintzen dituen mekanikak, istorioa... Planteatu nahi nuen galdera lagun batek sortu zidan, berak 60 fps-tara joateko behar adina efektu grafiko desgaituko baluke. Nik aldiz, nahiago 30 fps-tan testura politekin... Bakoitzaren araberakoa, %100!
Xabier Calvo April 9, 2015, 11:44 p.m.
Kasu horretan zurekin bat nator. Hau da, niretzat gutxieneko FPS-ak baldin badauzkat, soberako potentzia nahiago irudi ederrak lortzen erabiltzea. Ez dakit aurreko erantzunean ongi azaldu dudan, gauza da gutxieneko FPS horiek lortzea beharrezkotzat jotzen dudala, hori lortzeko irudiak okerrago ikusi behar badira ere.