Oraindik ez dute proiekturik esku artean, baina borroka joko berria garatzea espero da. Tekken-en arduradunak Bandai Namco utzi zuen abenduan.

Katsuhiro Harada garatzaileak etxe berria aditzera eman du. SNK japoniarrarekin batu, eta VS Studio taldea eratu duela iragarri du enpresaren webgune ofizialean.

“Tradiziotik haratago, perfekziorako egindakoa” omen da VS Studioren muina, Haradak azaldu duenez. VS horrek hainbat esanahi dituela azpimarratu du: “Video game Soft”-etik sortzaileen erroak aditzera ematetik hasita, “Versus espirituaren erronken tradizioa” zein hainbat esangura hartzen ditu taldearen izenak.

Yasuyuki Oda SNKren presidenteordea harro agertu da Haradaren iritsieragatik, “aspaldiko laguna zein aurkari duina” izanik. “Batera lan egiteko ingurune hipotetikoaren inguruan eztabaida luzeak” eduki dituztela aipatu du garatzaile beteranoak, eta, orain, “ametsa errealitate bihurtu dela”.

VS Studioren lanen inguruan, oraindik ez omen dago “ezer erabakita”. Proiektu zehatza prestatzen dabiltzan arren, zaleek argi daukate: Haradarena borroka jokoa izan beharko da. SNKren saga klasikoak berreskuratzea, edo hauei 3D jokagarritasuna eskaintzea entzun da sareetan.

Izan ere, Harada Tekken sagari lotuta egon da 1994. urtetik: Tekken 3ren zuzendarietako bat izan zen, ondoren ekoizle lanetan aritzeko. Bandai Namcon ibilbide luzea burutu zuen joan den urteko abendura arte, 31 urte baino gehiagoz enpresa mitikoan lan eginez.

Hainbat zale dezepzionatuta ageri izan dira, halere. SNK japoniarra izan arren, 2022tik Saudi Arabiari lotuta dago: Electronic Gaming Development Company enpresaren esku dago, hau da, Mohammed bin Salman printzearen enpresa bati. Hortik ikusi ditugu, adibidez, Cristiano Ronaldo bezalakoak Fatal Futy: City of the Wolves borroka jokoan.