Konami arduratu da karta jokoaren zein bideojokoen ekoizpenaz 1998. urtetik. Azken titulua, Master Duel, aurten estreinatu da.

NHK hedabide japoniarrak gaur ezagutzera eman duenez, Yu-Gi-Oh! karta jokoen frankizia arrakastatsuaren Kazuki Takahashi ( Tokio, 60 urte) mangaka eta sortzailea zendu da.

Ezbeharra Okinawan ( Japonia) gertatu dela adierazi dute: dirudienez, urpekaritza egiten ari zela jazo da istripua. Polizia japoniarrak gertakariaren ikerketa abiarazi du. 80ko hamarkadan hasi zen komikien munduan profesionalki murgiltzen.

Yu-Gi-Oh! manga formatuan jaio zen 1996. urtean. Hasiera batean bere testuingurua joko mota desberdinen artekoa bazen zen: gaizkileak apustuekin eta proba hilgarriak proposatuz garaitzen zituen Yugi Muto protagonistak. Takahashik dueluak nahi zituen, baina borroka fisikoetan oinarritu gabe. Horiei beldurrezko elementuak gehitu zizkien, gainera.

Laster batean, baina, ardatza karta jokoak izatera igaro zen, Magic: The Gatering ezagunean oinarrituz. Orduan lortu zuen benetako arrakasta irakurleen artean, eta ondoren anime ezagunarekin batera mundu osoan zehar hedatu zen.

Kontrakoa pentsa daitekeen arren, gazte japoniarrek kartekin jokatzeko eduki zuten lehen aukera ez zen hemen ere zeresana eduki duten edizio fisikoekin eman; izan ere, Konami enpresa japoniar ezagunak aurretik PlayStation kontsolarako argitaratu zuen lehen bideojokoa 1998an —karta fisikoak 1999an iritsi ziren—.

Lehen jokoa, Yu-Gi-Oh! Monster Capsule: Breed & Battle, ez zen kartetan oinarritzen, Yugiren unibertsoko munstroen eta izakien arteko borroketan baizik; urte bereko Yu-Gi-Oh! Duel Monsters izan zen, ordea, karten formatua oinarritzat hartuta estreinatutako lehen lana.

Ordutik hona dozenaka bideojoko ikusi ditugu plataforma desberdinetan: PlayStation, Game Boy, PC, Nintendo DS, Xbox zein gailu mugikorrak, gutxi dira Yugiren abenturak jaso ez dituztenak.

Aurten estreinatu da, izan ere, zaleen artean balorazio onak jaso dituen doako Yu-Gi-Oh! Master Duel: ordenagailuetan zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan nahiz Android eta iOS gailu mugikorretan joka daiteke. Azken joko honek 30 milioi erabiltzaile eduki ditu dagoeneko.

Karta fisikoen munduak ere sekulako arrakasta izan du: 2011. urtean munduko karten frankiziarik jokatuenean bihurtu zen.