Masahiro Sakurai zuzendariak borroka jokoaren 81. pertsonaia aurkeztu du xehetasun guztiekin.

Nintendok E3 2021eko aurkezpen handia Super Smash Bros. Ultimate-kin hasi zuen orain aste batzuk. Bertan jokoaren jarraitzaileek hurrengo borrokalaria ezagutu ahal izan zuten. Bandai Namco estudioarekin elkarlanean garatutako obra izanik, ez zen harritzekoa izan bere borroka jokoetako baten pertsonaia agertzea, eta nola ez, Tekken saga ezagunaren txanda iritsi zen Kazuya Mishima zitalarekin.

Sinestezina badirudi ere, Kazuya Super Smash Bros. honetako 81. borrokalaria izango da, Final Fantasy VII-ko Sephiroth bilauaren ondoren. Mugimendu kopuru ikaragarriarekin murgilduko da Nintendoren behin betiko crossover-era. Masahiro Sakurai jokoaren zuzendariak bere ohiko pertsonaia berrien aurkezpena egiteari ekin dio, eta bertan Kazuyaren mekanikak ezagutzera eman ditu ia hiru ordu laurdeneko iraupena duen bideoan.

Tekkeneko oinarriak hartuta osatu dute borrokalariaren mugimendu sorta. Hala ere, Bandai Namcorena 3D borroka jokoa dela kontuan hartu beharra dago, Smash bi dimentsioetako planoan jokatzen den bitartean, beraz horiek gauzatzeko bide bereziak eratu dituzte garatzaileek.

Devil forma berezia erabiltzeko aukera izango du gainera Kazuyak; modu horretara eraso normalez gain laserrak eta bestelakoak izango ditu eskura. Rage edo haserre modua ere erabiliko du bere min portzentaia %100etik gora igotzen denean; kasu horretan bere erasoek indar gehiago izango dute, eta oratze boteretsua erabili ahalko du. Hori bai, modu hau bizitzako behin bakarrik erabili daiteke.

Nola ez, borrokaleku propioarekin helduko da Kazuya Smashera. Tekkeneko jokalariek ondo ezagutzen dute Mishima Dojo-a izango da bere tokia: hormak apurtu eta arerioak bertatik hegan botatzeko aukera eskainiko du. Gainera, Tekken sagako 39 abesti gaineratuko dituzte pertsonaiarekin batera.

Kazuyarekin batera Mii borrokalarientzako jantziak ere ezagutzera eman ditu Sakuraik. Devil May Cry-en zaleek, zoritxarrez, ez dute Dante borrokalari bezala edukiko Smashen, baina bere jantzia erabili ahalko da; berarekin batera Skyrim-eko Dragonborn, Tales of Symphonia-ko Lloyd eta Shantae izan dira jantzi berezientzako oinarriak.

Eduki guzti hauek bihar bertan iritsiko dira Super Smash Bros. Ultimatera. Hurrengo borrokalariaren inguruan ere mintzatu da zuzendaria: aurten iritsiko da bideo-jokora, eta Ultimate honen azken eduki gehigarria izango dela baieztatu du Sakuraik.